“Kaldereroak familia giroan ospatu nahi ditugu”

Baleike 2019ko ots. 7a, 18:00

Otsailaren 23an, lehendabiziko aldiz, kaldereroen kalejira egingo da Zumaian. Mertxe Izeta eta Nerea Hernandez dira festa hori antolatzen dabiltzan kideetako bi. Bihar izango da aurreneko entsegua Komentuan, 20:00etan.

Kalderero festaren nondik norakoak aspalditik ezagutzen dituzte Mertxe Izetak eta Nerea Hernandezek. Mertxe debarra da jaiotzez, eta gaur egun kaldereroak ateratzen ez diren arren, Deban urte askotan ospatu den festa bat izan da. “Elkarte gastronomiko batek antolatzen zuen, baina zuzendaritza hark utzi zuenean, kaldereroak ere bertan behera gelditu ziren. Ni ez nintzen inoiz atera, baina urtero ikusten nuen”, kontatu du. Nerea, berriz, errenteriarra da eta han oso sustraituta dagoen festa bat da. “Umetatik parte hartu izan dut, eta duela hiru urte arte ibili naiz. Nire seme-alabak ere atera izan dira”, jarraitu du.

Bizpahiru urtetik hona, Zumaian kaldereroak ateratzeko ideia horri bueltaka ibili dira Gari Goikoetxearekin batera. “Aurten azkenean proiektua aurrera ateratzea erabaki genuen. Horretarako, gutxieneko jende kopuru bat behar genuela adostu genuen: 35 heldu. Bilera ireki bat antolatu genuen eta izen ematea ongi joan zen. Momentu honetan 48 heldu gaude haurrak kontatu gabe”, adierazi dute.

Gauzak horrela, festarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, eta kaldereroen ohiturei jarraituz, Inauterien aurreko asteburuan ospatuko dute: aurten, otsailaren 23an. “Kaldereroek Inauterien etorrera abisatzen dute. Berez, Momo erregeak anuntziatzen du etorrera, eta guk, hungarook, berari abesten aterako gara kalez kale”, kontatu dute.

Lau abesti

“Kaldereroak familia giroan ospatu nahi ditugu, horregatik, herritar guztiak daude gonbidatuta parte hartzera”, azpimarratu dute. Ijito itxura hartzeko arropa janztea eta soinua ateratzeko mailua eta zartagia edo pandereta bat eskuan edukitzea nahikoa izango dira festan murgiltzeko. “Atentzioa deitzea eta soinua ateratzea da kontua. Arropekin ere kontrastea bilatu behar da. Bilera irekian, adibide modura, eraman genituen traje batzuk. Jendeak hartu zituen ideiak”, esan dute.

Aurtengo festa modu sinplean egingo dutela nabarmendu dute. Izan ere, berez, kaldereroen desfilean hainbat protagonista egoten dira: hartza, erreginak... “Lehen esan moduan, familian girotutako festa bat egin nahi dugu. Ongi irteten bada datorren urtera begira prestatuago edo landuago egingo dugu”, aipatu dute.

Komentutik atera eta kalez kale lau abesti kantatuko dituzte. Kaldereroek errepertorio zabalagoa dute, baina lehen aldi honetarako lauekin nahikoa dutela adierazi dute. “Sarriegirenak dira lauak. Euskarazko, gaztelaniazko eta hungarozko abesti bana kantatuko ditugu. Laugarrena doinu bat izango da, eta hor, abestu beharrean, eskuan ditugun tresnekin soinua aterako dugu”, kontatu dute.

Ordubete inguruko kalejira bat izango dela aurreikusi dute. “19:30ean aterako gara Komentutik. Gero,  kale nagusitik barrena San Juan iturrira iritsiko gara, eta handik Erribera kalera jaitsiko gara. Ondartxo plazara abiatuko gara segidan, eta bertan lehenengo geldiunea egingo dugu abesti guztiak kantatzeko. Ondoren, Erribera kalera itzuliko gara, eta beste geldiune bat egingo dugu. Amaiera, berriz, Beheko plazan izango da”, adierazi dute.

Entseguak

Guztira lau entsegu egingo dituzte, eta lehenengoa bihar bertan izango da. Parte hartu nahi duenarentzat aukera zabalik dago oraindik, baina antolatzaileek esan dutenez, bihar izango da izena emateko azken eguna.

Entsegu guztiak Komentuan dira, eta hau da ordutegia:

  • Otsailak 8: 20:00etan.
  • Otsailak 9: 16:00etan.
  • Otsailak 15: 20:00etan.
  • Otsailak 22: 20:00etan.