David Juliá: “Errefuxiatuen arazoak soluziorik ez du jatorrian lanik egiten ez bada”

Baleike 2019ko urt. 31a, 11:56

David Juliá kooperante zumaiarra Lesbos irlan ari da lanean errefuxiatuei laguntzen. Greziako irletara oraindik ere ontziak heltzen direla dio.

Hedabideetatik desagertu ez, baina bizitza hobe baten bila Europara heldu nahi duten errefuxiatuen dramak ez du lehen bezainbesteko sonik. Horren jakitun da David Juliá zumaiar gaztea. Greziako irlatan izan da azken bi urteotan errefuxietuei laguntza eskaintzen. Kiosen izan zen lehenbizi, eta iaztik Lesbos irlan errefuxiatuentzako jatorduak kozinatzen. Gabonetan Zumaian izan zen, eta orduan izan genuen aukera egiten duen lanaz eta errefuxiatuen egoeraz hitz egiteko.

Zaporeak elkartearekin kolaboratzen du gaur egun Juliák. Horrez gain, gauez zainketa lanak ere egiten dituela ere adierazi zigun, itsasoz heldu daitezkeen errefuxiatuei harrera emateko. Agian ez lehen bezainbeste, baina ontziak heltzen jarraitzen dute Greziako irla hauen kostaldeetara. “Iazko iraila eta urria artean ontzi ugari heldu ziren. Abenduan, berriz, ni hona etorri baino astebete lehenago, beste sei edo zazpi ontzi iritsi ziren. Hau ez da amaitzen”.

Irlara heldu eta berehala, errefuxiatuak elkarrizketatu egiten dituztela esan zigun. “Lehen azterketa baten ondoren, elkarrizketa bat pasa behar izaten dute, eta, jatorriaren edo baldintzen arabera, kolore bat ezartzen diete. Kolore horiek erakusten dute irlan geratu behar duten, eta kontinentera pasa daitezkeen. “Hasiera batean gazteak eta dirua zutenak  heltzen ziren. Baina, azken aldian, familiak eta umeak heltzen ari dira, gerratik ihes egiten”. Asiloa lortzen duten errefuxiatuen kopurua oso txikia dela zioen, “ehuneko oso txiki bat”.

Moria du izena Lesbos irlako kanpalekua. Bertan, kontinentera eraman ez dituzten errefuxiatuak sartzen dituzte. Morian, iazko irailean, 35 nazionalitate zeudela gogoratu zuen Juliák. Errefuxiatu hauek itxaropena galduta dutela dio zumaiar gazteak. “Ustez Europara iritsi da, baina ez dute ezer, aukerarik ere ez ezer egiteko. Arazo kronikoa bihurtu da”.

Gerratik eta pobreziatik ihes egiten ari diren pertsona hauek pairatzen dituzten injustiziek eraman zuten Juliá Mediterraneoko ertz honetara. Hala ere, zalantzak pizten ari zaizkiola ere onartu zuen. “Azkenean partxeak jartzen ari gara. Arazo honek ez du soluziorik jatorrian lanik egiten ez badugu”.