Elezkano II.ak eta Rezustak sufritu egin dute partida irabazteko

Baleike 2019ko urt. 13a, 23:04

Binakako txapelketako partida jokatu dute gaur arratsaldean Aitzuri pilotalekuan. Elezkano II.a eta Rezusta, Irribarria eta Zabaletaren aurka neurtu dira Zumaiako frontoi luzean jokatu den partida ederrean.

Aitzuri frontoiak lehen aldiz hartu du txapelketako partida bat, eta ikusleek bikain erantzun dute. Aitzuriko harmailak bete egin dira: 670 bat lagunek jarraitu dute txapelketako final laurdenetako ligaxkako partida. Izan dute makina bat aukera txaloka eta oihuka aritzeko, lau pilotariek ikuskizun ederra eskaini dutelako.

Jardunaldi honen aurretik sailkapeneko buruan zeuden bi bikote aritu dira aurrez aurre Aitzuri frontoian. Elezkano II.a eta Rezusta gerriko gorriarekin, eta Irribarria eta Zabaleta urdinarekin. Bigarren hauek aurreratu dira markagailuan. Eta nola gainera. Irribarriak bere eskuetan pilota kolpe galanta duela erakutsi du behin eta berriro lehen tantu hauetan. Zabaleta, berriz, seguru agertu da atzeko koadroetan. Rezustari, berriz, kostatu egin zaio jokoan sartzea.

Ia konturatu gabe 3-9 emaitzarekin jarri dira urdinak aurretik. Jakinda aurrean zer bi pilotari zituzten, ez zegoen konfiantza handirik hartzeko arrazoirik. Eta hala izan da. Gaurkoan sekulako partida jokatu duen Elezkano II.a eta Rezusta pixkanaka tantoak gehitzen joan dira, eta baita aldea txikitu ere. 11na berdindu ondoren, hor beste partida bat hasi da. 13. tantoan jarri dira gorriak lehenbizi aurretik (13-12), eta ordutik aurrera beti joan dira markagailuan aurretik (15-12, 15-14, 17-15, 18-15). Elezkano II.a eta Rezusta 21-16 irabazten ari zirenean, bazirudien partida amaitzekotan zela. Hortzak estutu dituen Irribarriak eta Zaabletak hiru tanto jarraian egin dituzte, eta 21-19ra hurbildu dira. Azken tantoan, baina, Irribarriak zabalera botatako pilotakada kontrakantxara joan da, eta hor amaitu da partida, 22-19 emaitzarekin Elezkano II.aren eta Rezustaren alde.

Gaurko emaitzaren ondoren, Elezkano II.a eta Rezusta sailkapeneko lidergoan daude, sei garaipenekin. Garaipen kopuru bera du Olaizola II.ak eta Albisuk, baina tantoak kontutan hartuta, bigarren postuan daude. Atzetik dira Irribarria-Zabaleta eta Artola-Mariezkurrena II.a bikoteak, bost garaipenekin bakoitza.