Dena prest igandeko pilota partida handirako

Baleike 2019ko urt. 10a, 15:28

Pilota partida handia ikusteko aukera izango da igande honetan Aitzuri frontoian. 17:00etan hasita, binakako txapelketako partida jokatuko dute Zumaiako pilotalekuan. Sarrerak martxa onean ari dira saltzen. 

Txapelketako final laurdenetako ligaxkaren sailkapeneko buruan dauden bi bikote neurtuko dira igandean, Zumaian. Elezkano II.a eta Rezusta batetik, eta Irribarria eta Zabaleta bestetik. Une honetan, lehenengo eta bigarren postuan daude bi bikote hauek, jokatutako zazpi partidetatik bosna irabazita. 

Igandean erabiliko duten materialaren aukeraketa egin dute gaur eguerdian Aitzurin. Jokatuko duten lau pilotarietatik hiru izan dira saio honetan, Zabaleta ez baita Zumaiara etorri. Martin Alustiza pilota hautatzaileak ekarri dituen pilotak probatu dituzte hiru pilotariek. Azkenean, igandean erabiliko dituzten sei pilotak hautatu dituzte. 

Beñat Rezusta gustura zen materialarekin. Probatu dituen pilotekin gustura agertu da. "Pilota motelagoak aukeratu ditugu, baina besteekin ere ez dugu arazorik izan", adierazi du. Aitzurin lehen aldiz jokatuko du Rezustak. "Telebista bidez ikusita nuen, baina ez nintzen inoiz hemen aritu. Frontoi luzea da, baina ez dugu inongo arazorik izan". 

Estelarreko partidaren aurretik, Retegi Bi–Untoria eta Jaka–Erostarbe bikoteak neurtuko dira Aitzuriko jaialdian. Sarrerak jada salgai daude 30 euroan, Internet bidez, lotura honetan. Martxa onean doa sarreren salmenta, eta frontoiko gune batzuetako sarrerak dagoeneko agorturta daude. Sarrerak saldu gabe geratuko balira, frontoiko leihatilan izango lirateke salgai.