65 urtetik gorako herritarrentzat oroimena lantzeko tailerra antolatu dute

Baleike 2019ko urt. 7a, 11:00

Gizarte Zentroko bigarren solairuan emango dute tailerra, urtarrilaren 14an hasi eta ekainaren 17ra bitarte. Ostiralera arte eman daiteke izena. 

Udaleko Gizarte Zerbitzu Sailak antolatuta, 65 urtetik gorako herritarrek oroimena lantzeko tailerra izango da datorren astelehenean hasi eta ekainaren 17ra bitarte. Bi talde osatu nahi dituzte, eta talde bakoitzak ordubeteko saioak izango ditu, astelehen arratsaldetan. 16:15etik 17:15era emango dute saio bat, eta 17:30etik 18:30era bestea.

Jarduera prebentiboa da eta herrian mendekotasunik ez duten pertsona nagusiei zuzenduta dago. Arreta, oroimena eta hizketa landu nahi dituzte tailerraren bitartez, baita komunikazioa eta taldeko kide izatearen sentimendua lantzea ere. Bestetik, aisialdi sortzaile eta emankorra bultzatzeko baliatuko dituzte saioak. 

Ostiralera arte eman daiteke izena, 21 euroren truke, Gizarte Zentroko bigarren solairuan (Eusebio Gurrutxaga plazan).