Goikoetxeak eta Lopezek jokatuko dute Bakarkako txapelketako finala

Baleike 2018ko abe. 22a, 14:00

Bakarkako zesta punta txapelketako finalaurrekoak jokatu ziren atzo Zumaiako Aitzuri frontoian. Ez zen sorpresarik izan, eta zumaiarren arteko finala jokatuko da datorren ostiralean.

Bi setetan erabaki ziren atzo jokatutako bi partidak. Goikoetxeak ez zion aukerarik eman Aimar Aldazabali, eta 12-5 eta 12-5 emaitzarekin irabazi zion. Imanol Lopezek, berriz, 12-6 eta 12-10 emaitzarekin irabazi zion Olhari. 

Ostiralean, abenduaren 28an, jokatuko dira txapelketako azkene partidak, 19:00etatik aurrera, Aitzurin. Hasteko, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Aldazabalek eta Olhak. Final handian, berriz, bi zumaiar neurtuko dira: Goikoetxea eta Lopez.

Bi pilotari handi hauek 2012ko Bakarkako txapelketako finala jokatu zuten Hondarribiko Jostaldi frontoian. Partida gogorra, oso gogorra izan zen hura, eta Goikoetxeak 30-28 emaitzarekin irabazi zion Imanol Lopezi. 

Gabonetako desafioaren joanekoa

Gaur bertan neurtuko dira bi pilotariak Gernikako Jai Alai frontoian, 21:00etatik aurrera, Gabonetarako prestatu duten desafioko joaneko jardunaldian. Egigurenek eta Irastorzak ez dute azkenean jokatuko lesioengatik, eta haien ordez Minvielle eta Olha kantxaratuko dira. 

Lehen partidan Arbe eta Salegi, Laduche eta Basqueren aurka arituko dira. Estelarrean Goikoetxea eta Minvielle, Olha eta Lopezen aurka arituko dira.

Bi partiden artean Txikito Bolibar omenduko dute Gernikako frontoian.