LAB sindikatuak grebara deitu ditu adinekoen egoitzetako langileak abenduaren 24an eta 31n

Baleike 2018ko abe. 20a, 16:40

LABek adierazi duenez, "Patronalek esan dute badutela proposamen bat esku artean, baina ez dutela mahai negoziatzailean aurkeztuko ordezkaritza sindikal guztia (ELA, LAB, CCOO eta UGT) bileran egon arte".

Gipuzkoako adinekoen egoitzak azarotik aurkitzen dira grebak eta mobilizazioak egiten. Gabonen bueltan ere, beste bi greba deialdi egin ditu LAB sindikatuak: abenduaren 24an eta 31n, hain zuzen ere.

Abenduaren 11n, Gipuzkoako helduen egoitzetako mahai negoziatzailea elkartu zen. Sindikatuaren iritziz, "gure harridurarako LARES, MATIA 2020, ADEGI y ACGG Patronalek ez zuten proposamen berririk aurkeztu, nahiz eta aurreko bileran hori esan. Ez aurkeztearen arrazoia, mahai negoziatzaileko gehiengo sindikalak ez duela bileretan parte hartzen da".

LABek jarraitu duenez, Patronalek badute proposamen bat esku artean. "Ordezkaritza sindikal guztia (ELA, LAB, CCOO eta UGT) bileran egon arte, esan dute ez dutela mahai negoziatzailean aurkeztuko. Onartezina iruditzen zaigu Patronalek bilera honetan eman duten posizio aldaketa, beraiek eskatu baitziguten gure plataformetako puntu garrantzitsuenak zeintzuk ziren azaltzea, horrela proposamen berri bat egiteko asmoa zutelako".

Sindikatuak salatu duenez, sektorea 2012tik herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta mahai negoziatzailean aurkeztu den proposamen bakarrak bi urteko izozketa jasota zuen. "Patronalek negoziazioan dagoen blokeoaren ardura asumitzea exijitzen diegu ordezkaritza gehien duen sindikatua mahaira etor dadin. Eta modu berean, ELA sindikatuari, mahai negoziatzailean parte hartu dezan exijitzen diegu, hitzarmenaren negoziazioa desblokea dezan. Guzti honengatik, LAB sindikatutik abenduak 24rako eta 31rako deituta ditugun greba egunak mantentzen ditugu, baita mobilizazioak ere".