Putzadaz putzada minari bizia ematen

Baleike 2018ko abe. 20a, 08:21

2016an diagnostikatu zioten biriketako minbizia Walfrido Garciari. Emaitzak harridura sortu zion, baina kokiltzeko astirik gabe, Donostiako ospitaleko toraxeko zirujau taldeak proposatutako operazio berritzaile bati aurre egin zion.

Operatzeko teknika ezberdin hori Donostiako ospitalean erabiltzen zuten lehen aldia zen, eta, zorionez, uste baino hobeto atera zen dena. Errekuperazioa mantsoa izan den arren, azaroaren 11n, #ArnastuBehobia proiektuaren barruan, Behobia-Donostia lasterketa egingo du beste bi gaixorekin batera. Ibilbidean laguntzaile izango dituzte ospitaleko zirujau taldea, erizainak, pertsonaia ezagunak…, baita familia eta lagunak ere.

Gehiegikeriarik gabeko bizimodua zeraman Walfrido Garciak biriketako minbizia detektatu ziotenean. 17 urtez Pulpo eskubaloi taldean atezain izandakoa, gaur egun 13 urteko gazteak entrenatzen ere ibiltzen da. 43 urterekin diagnostikatu zioten gaixotasuna. 2016ko apirila zen, eta kalean zegoela, bat-batean, gonbitalarria izan zuen. Odolezko pilota moduko batzuk hasi zen ahotik botatzen. Ohikoa ez zela pentsatu eta segituan larrialdietara joan zen. Bertan, ezer ez zela esan zioten, baina badaezpada ere arnasketako espezialistarengana bidali zuten. “Han ere gauza bera esan zidaten, baina protokoloak bronkoskopia bat egiteko agintzen zuela eta, proba hori egiteko agindu zidaten”, kontatu du. Proba hori egin baino lehen, eskaner bat ere egin zioten, eta hor zerbait ez-ohikoa antzeman zuten. Hala, bronkoskopia egitean, zuzenean lagin bat hartzera joan ziren. “Probatik atera ondoren eskuineko bronkioan tumore bat nuela esan zidaten”, gogoratu du. Ondoren, kontsultara joan zen, eta, han, guztiz baieztatu zioten minbizia zuela. “Handik, toraxeko zirujau taldera pasa ninduten, eta han ezagutu nuen Borja Aginagalde zirujau zumaiarra. Hark azaldu zidan zer nuen, zein ziren operatzeko aukerak…”, jarraitu du.

“Alternatiba horretan, lehenengo, bronkioa moztuko zidaten, eta gero tumorea zegoen gunea garbitu eta saneatu egingo zuten, ehun osasuntsuak aurkitu arte"

Aginagaldek operatzeko bi aukera proposatu zizkion. Alde batetik, modu azkarrena eta ohikoena zena, hau da, bronkioa moztu eta birika bat kentzea, eta, beste aldetik, ordura arte inoiz egin ez zuten bat. “Alternatiba horretan, lehenengo, bronkioa moztuko zidaten, eta gero tumorea zegoen gunea garbitu eta saneatu egingo zuten, ehun osasuntsuak aurkitu arte. Behin hori egindakoan, guztia lotuko zuten, eta horrela, osasuntsu nuen birika salbatzeko aukera izango nuen”. Zalantza handiak izan zituen Garciak. Lehenengo alternatiba aukeratuz gero, zailtasun berezirik gabeko ordubeteko operazioa izango zen, baina bigarrenarekin 8 edo 14 orduko operazio bat izan zitekeen. “Gainera, Donostiako ospitalean egingo zen lehendabiziko aldia izango zen. Operazioa bizkarretik egingo zidaten, eta saihets-hezurrak kanpo aldera zabaldu lana ongi egiteko. Askoz ere zailtasun handiagoa zuen, orduan beldurtu egin nintzen”, aitortu du. Baina zirujauaren ziurtasuna eta konfiantza ikusita, aukera horrekin aurrera egitea erabaki zuen. “Planteatzen ari zitzaidan moduan ikusi nuen oso motibatuta zegoela, alternatiba horri heldu nahi ziola eta gogotsu zegoela egiteko. Segurtasuna eman zidan eta baiezkoa eman nion egun hartan bertan”, adierazi du.

“Zorte txarra”

Minbizia zuela baieztatu ziotenean, lur jota gelditu zen. Ezinezkoa zela esaten zion bere buruari eta sendagileei. “Esaten nien medikuei ez nintzela erretzailea, bizimodu normala neramala, kirolaria izan nintzela”, gogoratu du. “Zirujauak zorte txarrari egotzi zion gaixotasuna, batzuetan horrela gertatzen dela. Etxean, aurrez, minbizia zer zen bagenekien. Nire emazteak bularreko minbizia pasa zuen. Beraz, onartu eta aurrera egitea besterik ez nuen pentsatu”, jarraitu du.

Operazioa udara erdirako programatu zioten, baina, aurrez, Amarako osasun zentroan izan zen hilabetez arnasketa errehabilitazioa egiten. Han, hainbat arnasketa ariketa egiten zituen, eta helburua zen operazioaren aurretik eta gerorako birika prestatzea eta ariketak ikastea.

“Azkenean, dena uste baino hobeto eta azkarrago izan zela kontatu zidan Borjak. Birika salbatu zidatela, nire ehunak osasuntsu zeudela, eta orain errekuperazioa falta zela aipatu zidan"

Azkenean, uztailaren 27an operatu zuten Garcia Donostiako ospitalean. Bezperan ingresatu zuten, baina gogoratzen du oso gau ona pasa zuela. Kirofanoan sartu, operatu eta esnatu zenean, “’Dena gaizki joan da’, esan nuen. Erizainari galdetu nion ea zer ordu zen eta ikusita ez zirela hainbeste ordu pasa kirofanoan sartu nindutenetik, azkenean birika kendu zidatela pentsatu nuen”, aitortu du. Baina, zorionez dena ongi atera zen. “Azkenean, dena uste baino hobeto eta azkarrago izan zela kontatu zidan Borjak. Birika salbatu zidatela, nire ehunak osasuntsu zeudela, eta orain errekuperazioa falta zela aipatu zidan. Lau ordutan interbentzioa amaitu zuten”, esan du.

Operazio eguna esnatze gelan pasa zuen, eta hurrengo egunean igo zuten gelara. Hain zuzen, egun hori izan zuen txarrena. Medikamentuak gutxitu zizkioten, minerako ponpa kendu zioten eta bizkarra 22 graparekin josita zuen. “Gainera, mukizko tapoi bat bota behar nuen, operazioan sartu zidaten guztia botatzeko, baina ezin nuen. Gero eta gutxiago arnasten hasi nintzen eta erizainak eginarazi zizkidan ariketa batzuei esker, azkenean lortu nuen botatzea”, nabarmendu du. Lau egun pasa zituen ospitalean, eta ondoren etxera joan zen errekuperazioarekin hastera.

Familiaren laguntza ezinbestekoa

“Oso eskertuta nago zirujau taldeari. Haiei esker, birika salbatzea lortu nuen, eta prozesu osoan oso ongi atendituta sentitu nintzen. Borja, bereziki, oso pertsona abegikorra izan zen nirekin eta familiarekin. Gertukoa eta umila da. Lasaitasuna eta segurtasuna eman zigun, gauzak oso ongi esplikatu zizkigun eta berarekin etxean bezala sentitu ginen”, azpimarratu du.

“Ez naiz inoiz damutu operazio hori egiteaz. Aukerarik onena hori zen eta aurrera egitea besterik ez zitzaidan gelditzen"

Etxean hasi zuen errekuperazioa Garciak. Ahalik eta azkarren hasteko gomendatu zioten eta bere buruari gogor eginez, segituan atera zen kalera paseo txikiak ematera. “Goiz eta arratsaldez ateratzen nintzen. Azkar nekatzen nintzen, baina hori egin behar nuen. Etxera igotzeko ere, lehenengo pisura arte oinez egiten nuen eta gero hartzen nuen igogailua”, gogoratu du. Saihets hezurren sendaketa izan zuen agian luzeena eta gogorrena, baina hori ere pasa zuen. “Ez naiz inoiz damutu operazio hori egiteaz. Aukerarik onena hori zen eta aurrera egitea besterik ez zitzaidan gelditzen. Pazientzia beharrezkoa da gaixotasun honetan, baita sendagileek esaten dizutenari kasu egitea ere”.

Errekuperazioan egun txarrak eta onak izan zituen, baina momentu guztietan etxekoak izan zituen bidelagun. Gurasoak egunero izaten zituen bisitan, emazteak asko lagundu zion, baita bi semeek ere. “11 eta 7 urte zituzten orduan. Ospitaletik etxera iritsi nintzenean eman zizkidaten besarkadek eta muxuek dena adierazi zuten”, esan du. Arreba eta emaztearen aldeko familia ere hor izan zituen animoak ematen, eta oso eskertuta dago. “Egunero egiten dituzun gauzarik txikienak ere ezin nituen egin hasieran, adibidez, ohetik jaiki, arropa jantzi… Alboan izan nituen beti etxekoak”.

Sendatze prozesuan ez zuen kimioterapiarik jaso, ezta beste tratamendurik ere. Zortzi hilabetera lanean hasi zen. Gogoratzen da hasieran asko nekatzen zela, eta eseri ere egin behar izaten zuela deskantsatzeko. Hilabetera, ordea, laneko erritmora guztiz ohituta zegoen.

Operatu ondoren, hilabetera errebisioa egin zuen, ondoren hiru hilabetera, eta azkenik seira. “Orain, urtean behin joaten naiz, eta horrela egon behar dut 5 urte bete arte”, esan du. Minbizia aurretik zuen bizi kalitate bera du gaur egun. “Birikak bere arnasketa gaitasun osoa hartu du dagoeneko, eta ez naiz nekatzen. Operatu eta urtebetera hobekuntza handia igarriko nuela esan zidan medikuak, eta hala izan zen”.

Behobia-Donostia lasterketan parte hartzea

Azaroaren 11n izango da 54. Behobia-Donostia lasterketa, eta lehenengo aldiz egingo du korrika bertan Garciak. “Ez zait gustatu inoiz korrika egitea, a zer komeriatan sartu naizen orain, 45 urterekin”, esan du irribarretsu.

#ArnastuBehobia proiektuaren barruan egingo du korrika zumaiarrak. Udaberrian ospitaleko gutun bat iritsi zitzaion etxera, eta, bertan, lasterketa famatu honetan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen. “Zoratuta zeudela pentsatu nuen. Nola egingo ditut 20 kilometro? Iazko San Silbestrean atera nintzen herrian entrenatzen ditudan gazteekin, eta nahiko lan izan nituen 5 kilometroak egiteko. Tranpa ere egin nuen eta!”, kontatu du barrez.

Maiatzean hasi zen entrenatzen Garcia. Lehenengo eguna oraindik ere gogoan du. “Paolbidea egin eta Galdona arte iritsi nintzen. Nahikoa zela esan nion emazteari, ez nuela horrekin jarraituko”

Azkenean, Borjaren deia jaso zuen eta hark animatzeko esan zion. Biriketako minbizia ikusaraztea da proiektuaren helburua, eta gaixotasunetik haratago, adierazi nahi dute pazienteek bizitza normala izan eta kirola ere egiteko aukera dutela. “Konbentzitzen abila da Borja, eta berriro ere, baiezkoa eman nion”, esan du barrez. Hala, hiru gaixok hartuko dute parte proban Donostiako ospitaleko hainbat langilerekin batera. Bertan izango dira, adibidez torax taldeko zirujauak, erizainak… “Horiez gain, ibilbidean laguntzeko familiartekoak edo lagunak eman ahalko ditugu eta nirekin joango dira emaztea, koinatu bat eta beste bi lagun”, jarraitu du.

Maiatzean hasi zen entrenatzen Garcia. Lehenengo eguna oraindik ere gogoan du. “Paolbidea egin eta Galdona arte iritsi nintzen. Nahikoa zela esan nion emazteari, ez nuela horrekin jarraituko”. Burugogortasunak, ordea, indar handia du, eta emaztearen eta lagunen animoekin pixkanaka-pixkanaka helburuak betetzen joan da. “Entrenamendu guztietan izan dut norbaiten laguntza, eta, egia esan, horiek gabe ez nuen aurrera egingo. Asko eskertzen diet hartu duten pazientzia”, kontatu du.

Data gerturatzen ari da eta gero eta gogo handiagoarekin dago. “Ongi sentitzen naiz, eta nahiz eta urduritasuna agertzen ari den, ilusioa dut lasterketa egiteko. Pulpoko gazteek ere behin eta berriz esaten didate: ‘Walfri, ariko zara entrenatzen, ezta?’, ‘Beharko!’, esaten diet”, amaitu du irribarretsu.