Goikoetxeak eta Lopezek Gabonetako zesta punta desafioa jokatuko dute

Baleike 2018ko abe. 18a, 08:47

Zesta puntako gaur egungo lau pilotari onentsuenek Gabonetako desafioa jokatuko dute. Euskal Herriko bi frontoi handienetan jokatuko da desafio hau: hilaren 22an joanekoa Gernikako Katedralean, eta abenduaren 27an itzulerakoa Donibane Lohizuneko Campos Berri pilotalekuan.

Desafio honetan parte hartuko duten lau pilotariak Iñaki Osa Goikoetxea, Eric Irastorza, Mikel Egiguren eta Imanol Lopez dira. Lehen aldiz neurtuko dira lau pilotari hauek Atlantikoaren alde honetan; aurrez hirutan jokatu dute lauek elkarren artean Mexikon. Hiru norgehiagokak aurten jokatu dituzte.  

Goikoetxea eta Irastorza Miamiko garaitik ezagutzen dira. Aurten Miarritzeko Urrezko Eskularrua eta Zumaiako Masterra irabazi dituzte. Egigurenek eta Lopezek ere bikote indartsua osatzen dute. Diez Barroso saria, Jai Alai World Tour, binakako txapelketa edota Hondarribiako Masterra irabazi dituzte elkarrekin.

Joaneko partida larunbat honetan jokatuko dute Gernikan, 21:00etan hasita. Lehen partidan Hormaetxea eta Salegi, Olha eta Basqueren aurka arituko dira. Horrez gain, Jose Antonio Illoro, Txikito de Bolibarri omenaldia eskainiko diote.

Itzulerako norgehiagokak hilaren 27an, ostegunean, jokatuko dira Donibane Lohizunen, 18:00etan hasita.