“Bikain ziurtagiriari esker zertan hobetu dezakegun ikusi dugu”

Baleike 2018ko abe. 14a, 11:30

Datorren asteartean, abenduaren 18an, zilarrezko Bikain ziurtagiria jasoko du Zumaiako GKN plantak. Sariak  euskararen alde egindako lana eskertzen du, baina Euskara Batzordeko kide diren Ianire Floresentzat eta Asier Arakistainentzat lanean jarraitzeko beste arrazoietako bat da.

2006an Euskara Batzordea sortu zutenetik, euskararen aldeko barne lanketa handia egin dute Zumaiako GKN plantan. Hasiera hartan kartel finko denak identifikatu eta itzuli egin zituzten, enpresako hizkuntza irizpideak zehaztu zituzten eta pixkanaka-pixkanaka, hein handi batean, langileen tresnak euskaraz izatea ere lortu dute.  “12 urteko ibilbidean gorabehera asko daude. Hasieran gauza asko egiten dituzu, gero geldiuneak izaten dira, motibazioa ere galdu egiten da askotan… Ziurtagiria lortzeko aurkeztearen helburua kanpoko begirada bat jasotzea zen, eta horren bidez, zuzendaritza eta enpresa bera astintzea”, kontatu du Arakistainek. “Etxeko lanak jasotzeko aurkeztu ginen. Ziurtagiria eskatzen duzunean ebaluatzaile batzuk etortzen dira, eta horiek aztertzen dute orain arte egin duzuna ongi edo gaizki dagoen eta zein diren dauden hutsuneak. Azken hori ezagutzea zen gure asmoa”, jarraitu du Floresek.

Marko estandar bat dago eta horri jarraituz egiten da ebaluazioa. Erakundearen irudia, elkarren arteko harremanak, barne komunikazioa eta lan tresnak, pertsonen kudeaketa, kanpo harremanak eta kudeaketa sistema dira aintzat hartzen diren neurgailuak. “Urtero egiten dugun Euskara Planak ere eredu hori jarraitzen du”, adierazi dute.

Hiru ziurtagiri mota daude: oinarrizkoa, zilarrezkoa eta urrezkoa. Lehendabiziko aldiz aurkeztu dira eta zilarrezkoa lortu dute. “Urrezkoa lortzea ia ezinezkoa da guretzat. Alde batetik, langile guztiek jakin beharko lukete euskaraz, eta ez da gure kasua. Beste aldetik, multinazionala izanda, kanpo harremanak beste hizkuntzetan egiten dira. Hala ere, lelo bat daukagu eta da ‘euskaraz lan egin nahi duenak euskaraz lan egiteko eskubidea du’ eta horretan saiatzen gara”, esan du Arakistainek. Azpimarratzekoa da, gainera, multinazionalaren egoitza nagusitik, Birminghametik, bidalitako oharretan eta dokumentazioetan euskararen presentzia. “Enpresaren politika da planta bakoitzaren herrialdeko hizkuntza eta kultura ohiturak errespetatzea, eta guri, euskaraz ere bidaltzen digute”, kontatu dute.

Aurrera begira zer?

Azaroa erdialdean etorri ziren aztertzaileak lantegira, eta dituzten indarguneak eta hutsuneak txosten batean jaso ondoren, lanean jartzeko asmoa dute. “Batez ere erabilerari jarri nahi diogu arreta. Handitzea lortu nahi dugu, eta horretarako euskaraz egin daitezkeen bilerak identifikatu, langileen sortze lanak euskaraz izatea bultzatu… behar dugu. Euskara gaitasuna zehaztea gure helburuetako bat da, hau da, lanpostu bakoitzak izan behar duen euskara maila finkatzea. Horretarako, enpresaren hizkuntza politika berritu egin beharko dugu”, azaldu du Arakistainek. Bide beretik, euskararen kudeaketa zuzendaritzak hartzea nahi dute. “Euskara Batzordea gaur egun zuzendaritzatik kanpo dago, talde autonomo bat gara. Gure plangintza zuzendaritzan aurkezten dugu, eta horiek baliabideak ematen dizkigute, baina komenigarria ikusten dugu kudeaketa beraiek hartzea, eta euskara ez egotea talde baten menpe”, azpimarratu du.

Saria abenduaren 18an jasoko dute Gasteizen egingo den ekitaldi batean. Pozik daude, eta etorkizun hurbilean dituzten erronkek ez die beldurrik ematen. “Guretzako garrantzitsua da txostenean jartzen duena. Badakigu dena ezingo dugula egin, baina saiatuko gara datozen Euskara Planak zehazterakoan helburuak markatzen eta betearazten”, nabarmendu dute.