Xakearen habia Zumaian

Baleike 2018ko abe. 5a, 20:00

Kbi xake kluba sortu dute Zumaian eta ostiralean egingo den aurkezpen ekitaldi batekin plazaratuko dute herri mailan.

Berez, xakeko piezak nola mugitzen diren ikastea ez da hain zaila. Peoien, zaldien, dorreen edota alfilen mugimenduak minutu gutxiren epean barneratu daitezke. Hortik aurrera hasten da zailena. Xake partida bat jokatzeko ezagutza partekatzeko helburuarekin sortu dute Zumaian Kbi xake kluba. Ostiralean goizez eta arratsaldez, Beheko Plazan egingo duten erakustaldi baten bidez plazaratuko dute klub berria.

Klubari buruz hitz egiteko geratu gara presidente Aitor Sarasketarekin eta kide Kepa Aizpuruarekin, non eta Kabi tabernan. "Taberna honek eta xakeak betidanik izan dute harremana, eta egokia iruditu zitzaigun klubari izen hori jartzea", azaldu ditu Sarasketak. Egoitza, baina, Beheko Plazako gizarte zentroan izango dute. "Udalak gela txiki bat utzi digu zaharretxean, baina, hala ere, taberna honekin harremana mantendu nahi izan dugu". Sarasketarekin eta Aizpuruarekin batera Iñaki Goñik osatzen du kluba.

Kepa Aizpurua ibilia da xakea erakusten Zumaiako ikastetxe batzuetan, eta monitore titulua ere atera du. "Mundu honetan pixka bat sartzen ari naiz. Urte batzuetan Maria eta Jose ikastetxean eta iaz Herri Eskolan xakea erakusten aritu naiz. Lehen xakerako afizio handia zegoen taberna honetan, baina, pixkanaka jokatzen zuen jende horrek utzi egin du. Aitorrekin eta Iñakirekin elkartu nintzen, hauen semeek xakerako afizio handia dutelako. Herrian hutsune bat zegoela ikusten genuen eta kluba sortzea pentsatu genuen, gehienbat txikien artean xakerako afizioa sustatzeko". Horretarako txikientzako xake ikastaroak ematea aurreikusten dute. "Hasiera batean gure asmoa ez da izango lehiatzea, baina inork xakean klubaren izenean aritu nahi badu, ongietorria izango da".

Kluba etzi aurkeztuko dute, Beheko Plazan. Horretarako umeentzako jolasak eta xake erraldoia izango dira egunean zehar, goizez 11:00-14:00 ordutegian, eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.