Zumaiako sortzaileak Durangoko Azokan izango dira

Baleike 2018ko abe. 5a, 13:38

Gaur zabaldu ditu ateak Durangoko Azokak, eta igandera bitartean, Euskal Herriko kulturaren topagunea izango da.

Durangoko Azokaren 53. edizio honetan, Zumaiako hainbat sortzaile ere bertan izango dira. Horien artean, bihar bertan, Markus Untzueta & Esku Hutsik taldeak kontzertua eskainiko dute Ahotsenean, 13:00etatik 13:30etara. Esku Hutsik taldeko gitarrajolea da Giovanni Zanon eta orain arte kaleratutako bost lanetako kantu bana eskainiko dute.

Ostiralean, hilaren 7an, Jon Maiaren Hezurbeltz taldeak kontzertua emango du Ahotsenean, 18:20etatik 18:50etara. Kantu eta testuetan, besteak beste, emigrazioa, gizarteko pertsonaia baztertuak eta horien inguruko istorioak plazaratzen dira. Egun berean, eta Irudienean, Kandido Uranga protagonistetako bat duen Errementari filma emango da 12:30etatik 15:etara.

Larunbatean, abenduaren 8an, McOnak talde lekeitiarrak kontzertua eskainiko du Ahotsenean, 19:00etatik 19:30etara. Taldeko kidea da Migel Gutierrez zumaiarra. Gauean, berriz, Anestesia taldeak Plateruenean joko du 23:00etatik 23:59etara. Bertako ahotsa da Ibon Esteibar.

Horiez gain, Irrimarra izeneko bikote sortzaileak, Koldo Izagirre idazleak Altzoko Handiari buruz idatzi dituen bi liburuetako ilustrazioak egin dituzte. Erein argitaletxeak argitaratu ditu bi liburuak: Altzoko Handia eta Kutixiren gezurrak eta Altzoko Handia eta Kutixiren pianoa. Irrimarrako kideak dira Irene Gutierrez zumaiarra eta Karmele Gorroño galdakaoztarra.

Kalea Guztiona Da mugimenduaren 2019ko egutegia ere salgai izango da Durangoko Azokan.