Ion Larrañaga: “Taldekideen, etxekoen eta ingurukoen babesa jasotzea izan da nire garaipenik politena”

Baleike 2018ko abe. 1a, 10:03

Txikitatik mendizalea, arraunean urte asko ibili ondoren, korrika egiten hasi zen lehorrean gelditu zenean. Mendira joateko lagun koadrila du, eta gustura ibiltzen dela aitortu du. Telebista saio batean parte hartzeak ematen zion bertigoa alde batera utzi eta Gailurra Xtreme 3EM programan eman zuen izena. Urrutira iritsi da; bigarren amaitu du eta lagun asko ekarri ditu etxera. Han bizitakoa kontatzeko beti bezain irribarretsu hartu gaitu.

Ibilbide bikaina izan duzu programa osoan zehar, baina finalerako txartela justu-justuan irabazi zenuen. Hasieratik zure helburua finalera iristea izan zen?

Esperientzia berri bat bizitzeko asmoz joan nintzen programara. Pertsona moduan, parajeez gozatu nahi nuen, lagun berriak egin eta bide batez ahal zen gehiena sufritu, lehiatu eta aldamenekoari lagundu. Kirolari moduan, berriz, etapa denak superatzen ari nintzen bezala, finalera iristeko gogoa nuen, jakina. Eta behin finalera iritsita irabazi nahi nuen.

Ekainean grabatu zenuten saioa. Hilabete batzuk pasa dira, nola gogoratzen duzu orain finala?

Ez nuen lo batere ongi egin. Urduri nengoen eta katarroa nuen. Indarrez ere justu xamar nengoen, eta gainera, hasiera hasieratik, topera hasi ginen. Bigarren edo hirugarren egitea igual zitzaidan, eta ahal zen guztia eman nuen.

"Bigarren edo hirugarren egitea igual zitzaidan, eta ahal zen guztia eman nuen"

Hornidura puntura Apalantzaren atzetik iritsi zinen, bi segundora. Handik tontorrera, ezer ez galtzeko, eta erasoa jo zenion.

Hustuta iritsi nintzen hornidura puntura. Arreba eta Jokin Gijarro ere han ziren, eta hasieran, “kalte” eta guzti egin zidan beraiek ikustea. Arnasa hartu, errekuperatu eta beraiengana joan nintzen segituan. Pilak kargatu zizkidaten eta irabazi nahi banuen, handik tontorrera dena eman behar nuen.

Apalantza eta biok batera joan ginen, bidea bilatu ezinik momentu askotan. Behe lainoa zegoen, oraintxe elurra eta oraintxe ez… Azkeneko lepora iritsi, eta han, banaka joateko bidexka zegoen. Normalean han aurrena sartzen dena tontorrera ere aurrena iristen da. Ez dago aurreratzeko tokirik.

Tontorrera iristeko azkeneko zatia, agian, azkarregi iritsi zen.

Jakin izan banu bukaera horrela izango zela, azkeneko bidexka horretara lehena sartzen saiatuko nintzen. Baina kontua da pare bat hilabete lehenago bertan izan nintzela lagun batekin elurretara joanda. Elurtuta dagoenean, atzeko zatitik igotzen zara Hiru Erregeen Mahaira. Orduan ez nintzen goraino igo. Bertigoa daukat eta hor gelditu nintzen ez gora eta ez behera. Finalean, berriz, orduko pasalekua neukan buruan eta leku horretara iristeko esperantza nuen. Azkenean beste bide batetik joan ginen, ez negukotik, eta tontorrera azkarregi bezala iritsi ginen.

Bigarren iritsi zinen, bi segundo eskasera, eta pena handia sentitu zenuela adierazi zenuen telebistan. Orain, ordea, handiagoa omen duzu. Zergatik?

Han momentuan pena sentitu nuen. Ilusioa neukan goraino iritsi eta garaipena inguruko pertsonei eskaintzeko. Azkenean, goian zaudenean akordatu egiten zara ingurukoez. Huts egin banu bezala sentitu nintzen, batez ere, han zeuden arreba eta Jokini.

Orain, programa ikusita, askoz ere pena handiagoa daukat. Azkenean han zu zaude eta zure buruarekin ari zara konpetitzen. Baina, orain, konturatzen zara zenbat jendek ikusten duen programa. Babes eta animo asko jaso ditut, eta pertsona horiengatik pena gehiago dut niregatik baino.

Finala alde batera utzita, goazen hasierara. Nolatan aurkeztu zinen programara?

Iazko edizioa jarraitu nuen eta inbidia pasatu nuen. Nire burua hor imajinatzen nuen. Mendia gustatzen zait, paraje berriak ezagutzeko aukera ematen dute, eta taldean nahiko komodo sentitzen naiz. Horrela, bigarren edizio bat egiten bazuten aurkeztuko nintzela pentsatu nuen. Gero kastinga iritsi zen, eta duda batzuk izan nituen, baina lotsa eta beldurrak alde batera utzi eta animatu egin nintzen. Gustura atera nintzen kastingetik, eta esan zidaten ondo egin nuela. Handik bizpahiru astera deitu zidaten esateko hartu egin nindutela. Orduan kastingean baino urduriago jarri nintzen. Esan zidaten iazkoa baino gogorragoa izango zela, entrenatzeko eta azken astea deskantsatuta iristeko. Ez nekien ezta nora gindoazen.

22 lehiakideak Aritzetan elkartu zineten eta handik, autobusez, Piriniotara joan zineten. Zer pentsatu zenuen lehiakideak ikusterakoan?

Lehen kontaktu hori biolentoa bezala egin zitzaidan. Autobusean sartu ginen 22 pertsona elkar ezagutu gabe, eta hasieratik kamerak eta mikrofonoak jarri zizkiguten alde guztietatik. Ez zen oso naturala izan. Gero denak hasi ziren beraien kirol ibilbideak azaltzen eta harrituta gelditu nintzen. Jende oso ona zegoela pentsatu nuen. Horien artean Iñaki Errazkin laguna topatzea, berriz, sorpresa polita izan zen.

Finalera iritsi arte 11 etapa egin zenituzten, eta horietatik lau 40 kilometro baino luzeagoak. Esperientzia gogorra izan da, ezta?

Hara joan aurretik maratoi bakarra nuen eginda, eta han egunero ia maratoia bat egiten nuen. Egia esan gogorra izan zen. Gainera, abduktorean molestia batzuekin joan nintzen programara. Ez nuen ezer esan nahi izan bestela gainean dituzu kamerak eta abar. Konpetitzen hasten nintzenean ahaztu bezala ere egiten zitzaidan mina. Etxera etortzean analisiak egin nituen. Balore batzuk behean nituen eta nekea zela esan zidaten. Horregatik ez nuen Flyschean korrika egin. Azkenean, bost hilabetez egon naiz geldirik pubalgia batekin.

Zenbat orduz ibiltzen zineten korrika?

Distantzia luzeak egiten genituen eta kilometro asko gogorrak ziren, baina telebistarako egin behar ziren grabaketek asko luzatzen zuten eguna. 5:45ean jaikitzen ginen eta hasieratik dena presaz egiten genuen: gosaldu, motxila prestatu, mikroak jarri, beste maleta furgoneta batera sartu eta grabatzen hasten ginen. Hori egiterakoan gauza berdina grabatzen zen dronarekin, mozketa asko zeuden… Azkenean 09:00etan hasten zen etapa, eta hornidura puntura iritsi baino lehen, 10 minutuko geldiune bat egiten genuen bakoitzak bere sentsazioak kamerari kontatzeko. Gainera, egunero-egunero arropa eta zapatila bustiak janzten genituen. Kilometroek baino, beste hainbat detailek gogortzen dute saioa.

"Distantzia luzeak egiten genituen eta kilometro asko gogorrak ziren, baina telebistarako egin behar ziren grabaketek asko luzatzen zuten eguna"

Zein izan da etaparik zailena edo gogorrena?

Fisikoki, finalean sufritu nuen gehien nahiz eta motzena izan zen. Hobeto moldatzen naiz distantzia luzeagoetan. Lehen etapan ere asko sufritu nuen. Irten eta hasieratik atzean gelditu ginen. Buruak lan asko egin zidan ibilbide osoan. Bestela, arbelean taldekide baten izena jartzea tokatzen zenean izan zen momenturik zailena. Pena hartzen nuen norbait etxera joaten zenean, benetan. Oso giro ona sortu zen gure artean. Animoak eta besarkadak ez ziren falta.

Elurra zure etsaietako bat izan da.

Hasieratik jakin banu kranpoiak eta pioletak erabili behar nituela ez nintzen joango. Horrelako programa batera joateko konfiantza izan behar duzu zure buruarekin, eta nik korrika badaukat konfiantza, baina pioletekin eta ez. Elurretan ere ez naiz ibili. Hala ere, nire kexekin eta abar, baina aurrera jarraitzen nuen. Ibili dut marmarra elurretan, bai. Azkenean elurrari gustua eta dena hartu nion.

Talde lanean oso ongi ikusi zaizu. Askotan izan zara kapitaina, eta lidergoa hartzen eta kudeatzen iaioa zarela ikusi zaizu. Taldekideei laguntzen ere beti prest azaldu zara.

Kapitain ona nintzela esaten zidaten, animatzeko eta laguntzeko beti prest nengoela eta egia esan horrek poza ematen zidan. Taldean komodo sentitu izan naiz beti, baita arraunean ibiltzen nintzenean ere. Gauza horiek izan dira poztu nautenak, hau da: taldekideek apreziatzea, kapitain bezala aukeratzea… Tontorrera iristeaz gain, jendearen babesa eta kariñoa sentitzea bada garaipen txiki bat. Gainera, taldekideez eta etxekoez gain, herrian ere sentitu dut hori eta oso eskertuta nago.

Programa irabazteko sasoi betean egoteaz gain, beste faktore asko hartu behar dira kontuan, ezta?

Dudarik gabe. Zortea izan behar da, lesiorik ez izan, estrategiak daude taldekideak kaleratzeko orduan… Gauza asko hartu behar dira kontuan, bai.

Lehiakideak esan beharrean, taldekideak esaten duzu. Zergatik?

Ez dira inoiz lehiakideak izan, taldekideak baizik. Esperientzia honetako gauzarik politena elkar ezagutzea izan da. Denok joan ginen urduri, ilusio askorekin eta gauza asko elkarbanatu ditugu. Programako langileekin ere oso ongi eraman gara. Oraindik ere tarteka gelditzen gara mendira joan edo afariren bat egiteko.

"Ez dira inoiz lehiakideak izan, taldekideak baizik"

Reality batean parte hartzeak ez al zizun bertigoa ematen?

Hain zuzen, reality formatu horrek ematen zidan beldurra. Arraunean ibiltzen nintzenean ez nuen inoiz elkarrizketarik eman lotsa ematen zidalako. Programan ere, lehen bi egunetan, oso gaizki pasa nuen kamera aurrean, blokeatu egiten nintzen, lotsa pasatzen nuen… Baina, beno horretara ere ohitu nintzen. Gainera, galderak egiten ninduen pertsona ez nuen ezagutzen, baina egunak pasa ahala, elkar ezagutzen gara eta konfiantza bat sortzen da. Orduan dena naturalago ateratzen da.

Nola ikusi zara telebistan?

Oso arraro. Aurreneko bi etapetan behintzat bai. Gero lasaiago agertu naizela uste dut. Egia esan, esandako gauza asko ahaztuta nituen, eta kasu batzuetan barre eta guzti egin dut.

Nola laburtuko zenuke esperientzia?

Izugarria izan da. Sekula ez zait ahaztuko han bizitako momentuak. Asko gozatu nuen, eta orain, telebistaz ikusten ere, asko disfrutatu dut.