Julene Azpeitia lehiaketako sariak banatu dira

Baleike 2018ko aza. 30a, 10:31

Julene Azpeitia literatur lehiaketako sari banaketa egin zen atzo Alondegiko Oxford aretoan. Maite Arruti Arakistain, Aintzane Usandizaga Lopez eta Naiara Zubimendi Zubillaga izan dira aurtengo saridunak. 

Azaroaren hasieran bildu zen Ana Urkizak, Castillo Suarezek eta Josu Waliñok osatutako epaimahaia eta udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen, botorik gabe.

Lehenengo saria, 3.000 eurokoa, Maite Arruti Arakistainek eskuratu du Bizitza tantaka ipuinari esker. Arrutik lehenengo aldiz irabazi du lehiaketa hau. Epaimahaiaren iritziz lanik onena izan da, ume baten begiradatik kontatutako ipuinean "elkarrizketak oso finak" dira, eta deskribapenak "iradokitzaileak". "Denboran atzera aurrera joko biribila egiten du eta ekarpenik handiena umearen begirada oso ondo lortua izatea du". Azken batean, "irakurlea asebetetzen" duen ipuina dela erabaki du epaimahaiak.

Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Aintzane Usandizaga Lopezek irabazi du Bazterbideak lanarekin. Ipuin hau, "berria eta originala" izateagatik saritu du epaimahaiak. "Hari askotatik tira egiten du eta tonu korala du ipuinak, irakurlea eszenatokian kokatzen asmatzen du". Hutsunearen gaia jorratzeko "modu kurioso eta ezberdina" gustatu zaio epaimahaiari.

Zumaiar batek idatzitako ipuin onenaren saria, berriz, Naiara Zubimendi Zubillagarentzat izan da, Zanharzt ipuinagatik. Ipuin honen egitura "oso originala" dela uste dute epaimahaikideek, eta haien iritziz, "ipuin batena baino arnas luzeagoa izan lezakeen kontakizun batekin" ausartu da Zubimendi. "Estilo ariketa bat da eta interesez irakurtzen da".