Indarkeria matxistaren aurrean, emakumeak saretzeko beharrean berretsi da mugimendu feminista

Baleike 2018ko aza. 25a, 18:12

Beste urte batez, kalean egoteko “nahikoa arrazoi” badela azaldu du mugimendu feministak. Epaitegietako “errealitate gordinean” eta emakumeen bizipenetan jarri dute arreta azaroaren 25 honetan.

 

Euskal Herriko azken erailketa matxistak eta prozesu judizialak ekarri dituzte gogora- Haien hitzetan, epaitegiek ez dute emakumeak babesteko bitarteko nahikorik. Polizia etxeetako eta epaitegietako joera emakumeei ez sinestea, jasotakoaren erantzule egitea eta biktimizatzea dela uste dute: “Emakumeak ez gaude prozesu judizialen erdigunean, eta ez gaituzte kontuan hartzen. Prozedura zurrunak jarraitzen dituzte”, azaldu dute.

Erreparazio ibilbideak ere hutsuneak dituela uste dute. “Askatasuna mugatzen” dutenez, kasu asko salatu gabe geratzen direla azaldu dute: “Gogorra da prozesua bera”. Horregatik guztiagatik, indarkeria matxistaren inguruko “zurikeria politikoa” salatu dute. Era berean, epaitegietako “errealitate latz” horretatik harago jarri du arreta aurten. “Izebergaren punta bakoitza” bistaratu nahi izan dute: #kontatu dinamikaren bitartez, Zumaiako emakumeek jasandako erasoak bildu dituzte azken egunotan. Beren hitzetan, “gogorra” izan da ondokoen erasoen berri izan eta horiekin identifikatzea. Jasotako testigantzek indarkeria matxista “uste baino gertuago” dagoela erakutsi dute: “Emakume oro da erasotua, eta emakume guztiak gaude indarkeria matxistaren jo puntuan, egunero. Kale, portal ilunetan, zein seguru sentitzen garen lekuetan. Ezezagunek eta gure ingurukoek erasotu gaituzte”. Oraindik testigantzak jasotzen ari dira, eta datozen egunetan egingo diguzte guztiak publiko.

“Sarritan gertatutakoa norberak bere kolkorako gorde arren, zorionez, ari gara norbere hitza zalantzan ez jartzen. Eskerrik asko zuen bizipenak gurekin elkarbanatu dituzuen guztioi. Elkar zainduz, elkar entzunez, indartuko gara. Ahalduntzea eta saretzea da bidea”. Ekitaldia amaitzeko, eraildako emakumeak gogoan hartu eta lore eskaintza egin diete.

 Hona hemen mugimendu feministak gaurko irudiekin egindako bideoa: