Paco Etxeberria: “Biologikoki gizaki modernoa hauskorragoa da”

Gorka Zabaleta 2009ko mai. 10a, 16:36
Pako Etxeberria, Algorrin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Ikasle garaian Amaldako kobazuloko (Zestoa) aztarnategian lan egin ondoren arratsaldero Itzurungo hondartzara etortzen zirela gogoratu du Pako Etxeberriak. “Zer pentsatuko ote zuen jendeak arratsaldero lokatzez beteta agertzen ginenean?”. Auzitegiko medikua da. Akaso horregatik ezagutzen du hain ondo gizakia.

“Arsuagari entzun nion behin: sar itzazu gela batean lehoi bat eta Atapuercako gizon bat. Astebetera gelako atea ireki eta ziur ordurako Atapuercako gizonak lehoia akabatu eta jan egin duela. Sar itzazu lehoia eta gizaki modernoa: lehoiak di-da batean jango luke. Atapuercako gizakia bere burua defenditzeko gai zen; guk ez dugu gaitasunik, armekin ez bada”. Gizaki modernoa biologikoki “hauskorragoa, eskasagoa” dela dio Paco Etxeberriak. Hala aukeratu dugulako, gainera. “Biologikoki hauskorragoak gara, hala nahi izan dugulako. Guk aukeratutako bidea izan da. Gaixoak zaindu eta sendatzen ditugun unetik uko egin diogulako hautaketa naturalari”. 

Zertan datza, orduan, gizakiaren nagusitasuna? “Soziabiliatea da gizakion ezaugarririk berezkoena, hori izan da gure eboluzioa ulertzeko faktorerik erabakigarriena. Biologikoki eskasagoak gara, kulturan, teknologian eta informazioan oinarritutako ingurumena eraiki dugulako gure neurrira. Tresna horiei esker natura gure beharretara makurrarazi dugu, ia edonon bizitzeko gai gara biologikoki ia egokitu gabe. Baina berriro diot: pentsatzen dugu gizaki modernoa sekulakoa dela, baina biologikoki, behintzat, zeharo eskastu gara”.

"Pentsatzen dugu gizaki modernoa sekulakoa dela, baina biologikoki, behintzat, zeharo eskastu gara"

Gizakiak taldean antolatzeko ahalmena garatu du, gizarte sareak eraiki ditu, eta horretan datza bere nagusitasuna. Etxeberriaren iritziz, aspaldidanik ditu gizakiak kultur eta gizarte kontzientzia. Baita espiritualtasunarena ere. “Neardenthalek ere bazutela esango nuke, bestela zertarako egiten zituzten berez erabilerarik ez zuten objektuak?”. 

Soziabilitate hori haurrak jaiotzen direnetik garatzen da. “Haur jaioberriak amaren menpekotasun erabatekoa du, luzaro gainera. Harreman horri esker besteekin soziabilizatzeko gaitasuna garatzen dugu. Indar fisikoa ez da izan gizakiaren estrategia munduan nagusitzeko”.

Eta gure ingurunea eraldatzeko eta egokitzeko ahalmen izugarri horrekin naturaren arauak gainditzera iritzi gara. “Medikuntzari esker ez gara hiltzen apendizitisa dugunean. Jakintzari esker lortu dugu hori. Baina horrek buelta ere badakar: azkarregi ugaldu gara, gehiegi gara jadanik. Beste espezieek ahulena baztertu egiten dute; guk ez. Horrela, berez naturalki izan beharko ginatekeenak baino gehiago gara”.

"Bizitzeko itxaropena asko hazi da, jaiotze tasa berriz jaitsi, eta migrazioak areagotu egingo dira. Hiru faktore horiek nola kudeatzen ditugun, eragin zuzena izango du etorkizuneko gizakiengan"

Hiru dira, Etxeberriaren ustez, gizarte modernoaren ezaugarriak: “Bizitzeko itxaropena asko hazi da, jaiotze tasa berriz jaitsi, eta migrazioak areagotu egingo dira. Hiru faktore horiek nola kudeatzen ditugun, eragin zuzena izango du etorkizuneko gizakiengan”. Jakina, Etxeberriak ez du ahaztu nahi gizakion artean alde handiak daudela herrialde garatu eta ez garatuen artean. “Denok gaude zeru berberaren azpian, baina guztiok ez dugu ortzmuga berbera. Jakina, bidegabekeria horiei soluzioa jarri behar zaie norabidea zuzenduko badugu”.