Postalaren ifrentzua: zaborra harraldean

Gorka Zabaleta 2009ko ira. 10a, 12:53

Algorritik Pikoteazpirainoko harraldean pilatutako zaborra biltzen aritu ziren 13 gazte uztaileko bigarren hamabostaldian, Kutxak Aldundiaren eta Udalaren laguntzarekin antolatutako auzolandegian. Zabor guztia abuztuaren 10ean atera zuten helikopteroz Urtetako zabortegira eramateko.

“Harraldean ez dago alfonbra azpirik zaborra eskutatzeko”. Mari Bernalek ederki daki zertaz ari den, 13 gaztez osaturiko koadrilaren ardura izan baitzuen Estela Ruiz de Azuarekin batera. Bi astez gogor egin zuten lan Algorritik Pikoteazpira doan zatian, itsasoak bueltan itzulitako zaborra biltzen. Batez ere, plastikoak. “Harri bat altza eta bat, bi edo hiru plastikozko botila agertzen dira kateaturik”, azaldu du Estelak. “Botilez gain, sareak, sokak, kaxak, buiak, zapatilak, txankletak modelo guztietakoak, jostailuak, hildako animaliak…”. Denetarik aurkitu dute. Auzolandegian parte hartu duten gazteetako bi dira Nere eta Unai, tolosarra eta donostiarra, hurrenez hurren. Algorri ezagutzen zuten eskolatik egindako bisitalditik, baina harraldearen zegoen zaborraren berri ez zuten. “Lekua ezagutzen genuen, baina harraldera jaitsi gabe. Ez genuen espero halakorik espero. Zikinkeria asko dago”.

“Harraldean ez dago alfonbra azpirik zaborra eskutatzeko”

Helikoptero bat zaborra jasotzeko

Bi astean bildutako zaborra ordu eta erdian atera zuen helikopteroak harraldetik, abuztuaren 10ean. Pirinioetan lan egiten duen enpresa bat kontratatu zuen Aldundiak, Jon Zulaika mendi teknikariak azaldu zigunez. Aralarren zenbait lan egin ahal izateko erabili izan dute. Alokairuaren prezioa ere galdetu genion: “1.300 euro inguru orduko. Askotan bi aldiz pentsatu behar duzu, baina bestela nola atera zabor hori hortik?”. 1.500 litroko 57 zaku bete zabor atera zituzten denera, Pikoazpitik eta Inpernupetik. Galarretako aisialdi gunean kamioian kargatu eta Urtetako zabortegira eramateko. Zabor asko jaso den arren, oraindik asko gelditu da harraldean. Aurrerantzean garbiketa lanekin segitzeko konpromisoa hartu du Aldundiak.