Jon Txonpe: “Itsasoan sentitzen naiz neu”

Gorka Zabaleta 2016ko mai. 10a, 10:28

Gazte zelarik ezagutu zuen bela eta orduz geroztik itsasoa da bere mundua. Munduko hamaika bazter ezagutu eta gero, gaur egun gure kostaldeko harribitxiak erakusten dizkie urrutiko ere gertuko bisitariei.

Bizitzaren kresalak urdindutako ile kizkur ugaria buruan, egun batzuk bizarra moztu gabe, eta eskuz bildutako zigarreta ahoan, argazki kamerak maite duen pertsonaia horietako bat da Jon Txonpe Agirrezabalaga (Zumaia, 1961). Itsasoak ematen duen patxadarekin ekin dio berriketaldiari.

Noiz eta nola sortu zitzaizun itsasoarekiko hain harreman estua?

Familiatik badago harremana itsasoarekin, baina nirea txikitatik dator. Motorrarekin itsasora irteten ginen, sarea bota, txibitan egin... Hori txikitatik. Baina bela mundua beranduago ezagutu nuen. Surfean ibiltzen nintzen –aurrena txanperoarekin...–, eta belauna izorratu nuen. Belauna, sudurra... Eta orduan erabaki nuen surfa ez zela nirea, eta windsurfeko ikastaroa egin nuen Getarian. Hori izan zen nire lehen harremana belarekin. Windsurfeko taula bat erosi nuen eta Zumaian hasi nintzen ibiltzen. Gero Menorcara joan nintzen, hotel batera lanera. Tartea neukanean hondartzara jaisten nintzen eta hango langile batek uzten zidan windsurfeko taula. Gero hasi nintzen laguna eramaten atzean eta, klaro, bi lagun eta trasteak eramateko gaizki. Belaontzi txiki bat zeukan hondartzako langileak eta probatzen uzteko eskatu nion. Moldatuko ote nintzen galdetu zidan eta baietz esan nion, windsurfarekin asmatu banuen belaontziarekin ere moldatuko nintzela. Probatu eta segituan esan nuen, “hau da nirea”. Hori izango zen 24 bat urterekin. Gaur arte. Afizio modura hasi zena orain bihurtu da bizimodua.

Noiztik daukazu Luma belaontzia?

2003an erosi nuen, baina aurretik beste bat eduki nuen, txiki-txikia, bost bat metrokoa. Gaviotaizena zuen. Baina saldu egin nuen, umeak txikiak zirelako, eta urte asko egon nintzen ontzirik gabe. Hasi nintzen beste batzuekin irteten, eta hasi nintzen udan lanean belaontziarekin, profesional. Tabernako lana utzi eta charter-en bat egiten nuen. 

Beste batzuentzat patroi lanak egiten?

Hori da. Belaontziak alokatzen zituzten lagun batzuk ezagutu nituen, Bartzelona eta Madrilgoak. Garai hartan oso jende gutxik zuen patroi titulua eta lanerako aukera sortu zitzaidan belaontzi horietan patroi egiteko. Gero, Denian egon nintzen denboraldi oso bat. Hamabi belaontzi zaintzeko eta mantentze lanak egiteko kontratatu ninduten. Baina hiru lagunen lana ari nintzen egiten eta, ados ez ginenez jarri, alde egin nuen. Eta orduan erabaki nuen neuk hartzea belaontzi bat eta Euskal Herrian jendeari eskaintzea itsasora gerturatzeko aukera, ez zegoelako halakorik. Hasieran, lan gehien Donostiatik egiten nuen. Uda osoa han pasatzen nuen.

Hamahiru urte hauetan asko aldatu al da egoera?

Bai, izugarri. Lehen ez zegoen ezer alokatzeko; Donostian, Ciudad San Sebastian, turistentzako ontzia. Baina, bestela, ezer ez. Orain badago aukera, eta jendea gehiago gerturatu da itsasora. 

Nongoak dira zure bezeroak?

Azken urte hauetan atzerritar asko izan ditut: estatubatuarrak, suitzarrak, indiarrak, australiarrak... Eta euskaldunak ere bai, baina gehiago barrualdekoak. Kostaldekoak oraindik ez dira hasi. Gehienak Bergara, Arrasate, Iruñea ingurukoak izan ditut. Kostaldea bertan daukagunok oraindik ez gara hasi. Pena ematen dit. Itsasoa bertan daukagunez, ez diogu garrantzirik ematen. Eta ez dakigu bertan zer daukagun. Nik Itzurundik oso gertu ikusi izan ditut izurdeak. Hondartzatik ikusteko moduan.

Zer daukagun ez dakigula diozu: askok ez dute sinetsiko gure itsasoan izurdeak eta baleak bizi direla eta ikus daitezkeela. Duela pare bat urte balea batekin egin zenuten topo. Nola izan zen hori?

Udazkena zen. Itsasoa bare zegoen, haize markarik ez. Izurde piloa topatu genuen, mularrak. Indo hamarrak zeuden itsasoan [itsasoan bizi den hamarra mota bat, espezie askoren gustuko jakia]. Bizpahiru ordu egon ginen izurdeekin. Pentsatu genuen barrurantz etortzea eta Itzurunen botatzea aingura, itsasoa hain zegoen bare. Bueltan gentozela, bat-batean, ufada bat entzun genuen. Balea! Bere norabidean jarri nintzen, eta tarteka irteten zen, beti gure parean. Horrela ordu eta erdi. Zumaiatik lauzpabost miliara. Hemen bertan. Ederra.

Balea topatzea ez da hain erraza izango, baina izurdeak sarriago ikusten dira.

Bai, hiru motako izurdeak ikus daiteke: arrunta, marraduna eta izurde handia (mularra). Izurde handien talde bat, behintzat, hemen bizi dela esango nuke, sarri topatzen gara eta. 

Eta non ibiltzen dira, non topatzen dituzu normalean?

Nik normalean Kantilera [kontinenteko plataforma itsasoan hondoratzen den eremua] jotzen dut, Ondarroa aldera, eta handik Bermeoraino askotan aurkitzen ditugu. Kantilean bizitza handia dago, arrain asko, eta hor ibiltzen dira izurdeak. Izurdeak bakarrik ez; arrantzaleak, kaioak, atunak udan... Arraina dagoen lekuan biltzen dira denak.

Orain Zumaian daukazu belaontzia, baina bidai abentura bat baino gehiago bizitakoa zara...

Itsasoan lauzpabost egun egiten dituzunean, irteera bidaia edo abentura bihurtzen da. Bidaia asko egin ditut belaontziak hara eta hona eramaten. Ingalaterratik hona, hemendik Ingalaterrara, Bretainiatik itsasontziren bat ekarri, Kanariar Uharteetara eraman, Bartzelonatik hona... Kubara ere eraman nuen katamaran bat, Kanarietatik. Tenerifetik Guadalupera 18 egunetan egin genuen.

Mediterraneoan ere asko ibili zara.

Uda batean Lumarekin joan nintzen, Ibizara. Balear Uharteak oso politak dira. Turkia, Kroazia eta Grezia ere ezagutzen ditut. Hamabost eguneko zirkuitu bat egiten genuen, irletatik. Leku zoragarriak daude han ere. Hydra, adibidez. Kotxerik ez dago, dena itsasoz iristen zaie eta astoz eta zaldiz garraiatzen dute. Oso leku polita da. Bidaia horiek egiten nituen bezeroekin, patroi lanetan, enpresa baten belaontziarekin.

Eta larrialdirik tokatu al zaizu?

Momentu zailak ere izaten dira horrelako bidaietan, zerbait puskatzen delako edo elektronikarik gabe gelditzen zarelako. Eta, gehienbat, itsaso txarra egokitzen denean. Hortzak estutu behar dira eta pasa arte eutsi egin behar. Nik istripu larririk ez dut izan, zorionez. Larrialdiren bat bai, baina ez zait gustatzen kontu txarrez hitz egitea. Nahiago izaten dut momentu onekin gelditu. Txarrek esperientzia ematen dizute.

Zer ematen dizu itsasoak, zer da itsasoa zuretzat?

Ematen dit bakea. Sentitzen naiz neu. Askotan pentsatzen dut itsasoko Jon dela Jon. Kalean, jendeagatik edo, beti maskararekin ibiltzen gara. Ni, behintzat, ez naiz berdin sentitzen. Igual da asko ibili naizelako bakarrik, baina itsasoan sendo sentitzen naiz, ondo. Gauza asko ematen dizkit. Pentsatzeko, meditatzeko eta idazteko aukera, adibidez. Eguneroko kontuak idazten ditut koaderno batean, gertatutakoak, ikusitakoak, egindako lanak, bidaiaren ezaugarriak... Nire gauzak. Koadernoa irakurtzen dudanean bidaia berpiztu egiten zait. 

Koadernoa ekarri du. Zabaldu eta egunez egun idatzita dauzkan oharrak irakurtzen hasi da.“Después de darse cuenta de que hay agua hasta los armarios y las tablas casi flotan, hemos empezado a achicar; el barco esta hecho un caos por dentro. Todo mojado: ropa, colchonetas, suelo resbaladizo, los cacharros sin fregar... Estoy contento”. Haserre dagoen aurpegi baten marrazkiarekin lagundu du. Beste orri batean:“Después de estar comiendo sandwich las vísperas les he preparado un atún encebollado que ha sido una delicia para todos”; “hoy se ha estropeado el piloto sanchez; he improvisado con un par de 'pulpo'-s y funciona a las mil maravillas. Le he bautizado Gominolo”.

Seguru baduzula bidaia luzeren bat egiteko gogoa edo ametsa...

Nire gogoa da 80 urterekin ere itsasoan jarraitzea, belan edo txalupan, baina itsasoan. Baina bai, abenturaren bat bizitzeko ametsa ere badaukat. Askok esaten dute munduari bira ematea dela beraien ametsa. Oso ondo, baina munduan bazter asko daude. Mediterraneoan pare bat urte egingo nituzke, erraz. Presarik gabe, bidaiatzen. Tarteka nonbaiten gelditu, lan pixka bat egin, dirua bildu, bidaiatzen jarraitu... Bidaian bizi. Betidanik daukat hori buruan bueltaka. Ez dakit momentua iritsiko den eta gai izango ote naizen, baina buruan badaukat gogo hori. Zerbait iritsiko dela pentsatzen dut.

Izurdeak etxe ondoan

Zetazeo mota asko bizi dira gure itsasoan, baina izurdeak dira ugarienak. Haiek ikusteko aukera izan dugu Jon Txonperekin.

Donostia aldera joatea da Jon Txonperen plana. Bezperan arrantzontziak han omen zebiltzan, antxoatan. “Arraina non, izurdeak han”, arrazoitu du. Nabigatzeko baldintzak ere onak izango direlakoan gaude, bezperako parteak hego ukituko haizea iragarri baitzuen. Eguraldi zoragarria ekarri digu egunak, eta izurdeak ikusteko gogotsu abiatu gara itsasorantz. Barratik irten orduko, ordea, ohartu gara bidaia ez dela hain samurra izango. Iparretik jotzen du haizeak eta olatu deserosoak eragin ditu.

Motorraren laguntzarekin, kanporantz doa Luma, 12 metroko belaontzia, gero gorantz, Donostia alderantz egiteko intentzioarekin. Brankaz goaz gero eta handiagoak diren olatuen kontra, eta bat baino gehiago zorabiatzen hasi da... Ipar haizeak gero eta zakarrago jotzen du eta plana aldatzea erabaki du Txonpek. Beherantz joango gara, Ondarroa alderantz, poparean. Ondarroaren parean aurkitu ohi ditu sarri izurdeak, eta “betiko lekura” joatea erabaki du. 

Iparreko haizea bizi-bizi dabil, 24 korapilotik gora zenbait unetan, belak zabaldu eta nabigatzeko aukera paregabea. Gozatzen ari da Txonpe, Lumazazpi-zortzi korapiloko abiaduran ikustean. Eskifaia larriagoa doa. Poparean joanda ere, zorabioak jota daudenek ez diote buelta emango lehorreratu arte. Haize olatuek ez dute itsasoa behar bezala behatzen uzten; ez da egunik onena izurdeak ikusteko. Guregandik 50 metrora pasa daitezke, gu ohartu gabe. Beste baterako utzi beharko dugula pentsatzen hasiak gara. Txonpek plan alternatiboa proposatu du, Mutrikura joatea, han lasai bazkaldu, gorputzari buelta eman, eta gero itsasertz ondotik bueltatzea, labarrak ikusiz. Etsipen puntu batekin, dagoena onartu eta Mutrikurantz jarri du patroiak belaontzia. Denok isilik goaz, batzuk zorabioari eutsi ezinik, gainontzekoak haizeaz eta itsasoaz gozatzen. 

Halako batean, baina, “Izurdea!” egin du oihu Jonek, istriborrera seinalatuz; “Izurdea!”, hautsi du berriro isiltasuna. 50 bat metrora ikusi dugu olatu artean jauzika. Urrutirago gehiago datoz, guregana zuzenean. Izurde handiak dira, mularrak, dozena inguruko taldea. Ziztu batean etorri dira Lumaondora, eta jolasean hasi dira, ontzi azpitik pasatzen, olatuekin surfean, jauzika... A zer ikuskizuna! Normalean ordu laurden egiten dute itsasontzi ondoan, baina gaur ordu erditik gora izan dira gurekin... Denok pozez txoratzen gaude, esperientziak txundituta. 

Buelta isiltasunean egin dugu, bizitako esperientziak asebeteta. “Akordatu al zarete bulegoaz, lanaz?”, galdetu du Txonpek. “Batere ez!”, berak erantzun. “Niri hori gertatzen zait; denoi uste dut. Ni beti lainoei begira egoten naiz, haizeak nora joko duen, aldaketa datorren... Eta nahi eta nahi ez, uretan izurde edo balea bila, ufadaren bat ikusten dudan...”.

Erlazionatuak