Artadi kantauriarrak, erizaindegitik pasatu beharreko basoak

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2018ko aza. 9a, 18:21

Artadi kantauriarrak altitude baxuko leku lehorretako basoak dira, behe lainoak nagusi diren lekuetatik urrun, mendi hegal babestuak bilatu dituztenak. Izan ere, antzinako klima mediterraneoaren landaredi aztarnak dira, orain 8.000-10.000 urte inguru Euskal Herrian zegoen klima lehor eta epelaren erlikiak. Hori dela eta, lurzoru eskaseko tokietan eta eguteran hazten dira, gehienetan substratu basikoan errotuta. Maiz, kareharria azaleratutako parajeetan azaltzen dira, nekazaritzarako batere egokiak ez diren lurretan, eta horixe izan da gaur egun arte bizirauteko gakoetako bat.

Gaztela edo Extremadurako dehesetako arbolekin –Quercus ilex rotundifolia– alderatuta, gure inguruko artea beste subespezie batekoa dugu, Quercus ilex ilex izenekokoa, hain zuzen ere. Bereiztearren, lehenengoak hosto biribil samarrak ditu, eta hostoaren txortentxoa (pezioloa) motza da; bigarrenak, berriz, hosto luzetxoak ditu, eta pezioloa handiagoa du. Hedadurari dagokionez, arte kantauriarra Bizkaian eta Gipuzkoako mendebaldean hazi ohi da, batez ere kostaldean; baina Arabako eskualde gehienetan rotundifoliadelakoak ordezkatzen du.

Nolanahi ere, artearen ezaugarriak ez dira beti berdinak, tokiaren arabera eta izandako ustiaketaren arabera, zuhaitza edo zuhaixka itxura baitu. Oro har, artea adaburu zabalekoa eta oso adartsua da, eta, horregatik, itzala franko ematen du. Halaber, enborra motza eta sendoa du, azal ilunekoa, sarri arrakalez beteta.

Artearekin batera, basootan ohikoak dira erramuak (Laurus nobilis), gurbitzak (Arbutus unedo), karraskilak (Rhamnus alaternus) edo gartxu hostozabalak (Phillyrea latifolia). Gainera, lurrean eta zuhaitz eta zuhaixken adarretatik zintzilik, huntzak (Hedera helix), arkakaratsak (Rosa sp.) edo endalarrak (Smilax aspera) errezel zeharkaezina ehuntzen dute.

900 hektarea artadi

Euskal kostaldeko artadiei erreparatzen badiegu, Urdaibai ingurukoak dira ezagunenak, baina Geoparkean ere baso honen adibide apartak daude. Hala, aipatzekoak dira Arno mendizerrakoak (Mutrikun), Andutz ekialdeko hegalekoak (Itziar-Deban), eta Artadi-Sanbartolomebaso-Arteaga lerrokoak (Zumaian). Guztira, bazterrez bazter sakabanatutako artaditxoak barne, 900 hektarea artadi dago Geoparkean, eta artadi horietako bi, Arnokoa eta Artadikoa, hain zuzen, Natura 2000 babesguneen sarean daude.

Alabaina, babestuta izan arren, baso hauek ez daude modu onenean kontserbatuta, eta esan daiteke artadi kantauriar gehienak zaharkituta daudela; genetikoki abailduta daudela, nolabait esateko. Egoera hori ulertzeko, denboran atzera egin behar dugu, artearen egurra ikazkintzan eta beheko suak elikatzeko erabiltzen zen garaietara, hain zuzen ere. Sasoi hartan, baso ustiapena ikaragarria izan zen, arraseko mozketak egiten ziren, eta artadien eremu zabalak soiltzen ziren, zuhaitzei sendo hazteko betarik eman gabe.

Horrenbestez, adarrak eta enborrak gupidarik gabe mozten ziren bitartean, landareen sustraiak neurririk gabe barreiatu ziren, zurtoin begetatiboak han eta hemen sortu zituzten, eta arbola-ipurdi anitzeko basoa eratu zuten. Kimu begetatibo horiek guztiak gene berberekoak dira, aniztasun genetikoa bermatzen duen ezkurren bitarteko ugalketa sexualik eman ez delako. Beraz, arte ale asko “guraso bakar batetik sortutako anai-arrebak” direla esan genezake, gene oso zaharrak dituzten “anai-arrebak”, gainera. Bien bitartean, sustraiek zahartzen jarraitu dute, eta hiltzen direnean, arbola ipurdi horietako asko ere haiekin batera agortuko dira.

Dibertsitate genetikoa falta

Hazkunde orekagabe horren ondorioz, baso trinkoegia eta zuhaitzen arteko konpetentzia handikoa da artadia. Hosto gehienak zuhaitzen adaburuan hasten dira, itzal handia egiten dute, eta, argitasunaren faltan, ezkurretatik jaiotako kimu berrien hazkundea eragotzi egiten da. Gauzak horrela, artadia etengabeko  gurpil zoroan sartzen da, heldua izateko beharrezkoa litzatekeen dibertsitate genetikoa lortu ezinik. Era berean, iluntasunean arteek fruitu gutxiago ematen dute, eta zuhaitzen hazkundea mugatuta dago, bai altueran, baita enbor lodierari dagokionez ere.

Hori dela eta, adituek diote zerbait egin ezean, egoera atzeraezina gerta litekeela, eta baso helduagoak lortzeko ahaleginak egiteko gomendioa egin ohi dute. Horretarako, entresaka selektiboak egiten dira, zuhaitz ipurdien dentsitatea murrizteko, basoan gune garbiak ireki eta gero, ezkurretatik jaiotako aleak erne daitezen.

Hala, duela hiru urte, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuarekin elkarlanean, Geoparkeak mehazketak egin zituen Artadiko basoetan. Eremu txikietan –­hektarea bat baino txikiagoan– egindako lan esperimentalak dira eta basoaren aldaketak ikusteko segimendua egin behar da datozen urteotan. Momentuz, ondorioak ateratzeko goizegi da.

Erlazionatuak