Keretxudi Baratze Parkea zabaldu dute

Baleike 2018ko aza. 22a, 19:00

Gipuzkoako Baratze Parke sarearen hogeigarrena da Zumaiakoa. Guztira, 50 eta 70 metro karratu bitarteko 50 lursailek osatzen dute parkea. Atzo bertan egin zen lursailen zozketa.

Zumaiako Baratze Parkearen irekiera eta aurkezpen ekitaldia egin zen atzo arratsaldean Keretxudin. Lursaila izango duten herritarrekin batera, azalpenak ematen izan ziren Oier Korta alkatea, Itsaso Olaizola Baratze Parke Sarearen ordezkaria eta Ricardo Landa udal teknikaria.

Kutxa Ekogunearen Baratze Parkearen sareko hogeigarren baratza parkea da Keretxudikoa. “Parkeen proiektuak bost urte egin ditu aurten. Gipuzkoa osoan 5,5 hektarea ditu sareak, eta ia 1.200 erabiltzaile daude”, kontatu zuen Olaizolak.

Zumaiako parkeak 50 eta 70 metro karratu bitarteko 50 lursail ditu eta parkearen sarreran bi etxola daude, bata aldagela gisa eta bestea erremintentzako biltegi modura erabiltzeko. “Egun pozgarria izateaz gain, baratze parkeari esker, ingurumenarekiko eta elikadura osasuntsuarekiko sentsibilizazioa garatzeko aukera paregabea da”, esan zuen alkateak.

Zerbitzu bereziak

Baratze Parkeko lursailak autokontsumorako eta modu ekologikoan ekoizteko zuzenduta daude. “Era komunitario batean eta auzolanean egingo da bertan lan. Tresneria, konposta, eta espazio komunen gestioa adibidez elkarrekin egingo duzue horretarako elkarte bat sortuz. Horren bidez, gainera, Udalarekin eta Ekogunearekin harremanak bideratu ahalko dituzue”, adierazi zuen Olaizolak.

Elkartea sortzeko laguntza izango dute lursail jabeek, eta horretaz gain, zerbitzu bereziak izango dituzte. Hala nola, lurren analisia, baratzeen ikuskaritza hilero, boletin informatiboak eta martxoa aldera baratze ekologikoaren inguruko kurtso bat ere bai.

Irekiera honetan lursailen zozketa egin zen, eta erabiltzaileei bertako ateko giltzak banatu zitzaizkien. Dagoeneko, beraz, martxan da Keretxudiko parkea.