25 urte zuzendari lanetan, baina bizitza osoa txistua eskuetan

Baleike 2018ko aza. 21a, 19:00

Joseba Iñaki Egaña Bidasoro zumaiarrak 25 urte egingo ditu Zumaiako Txistulari Bandako zuzendari bezala. Igandean goiz soinua eskainiko du Bandak Xixiliren aitzakian kontzertu sortaren baitan. 

Joseba Iñaki Egaña Bidasorok ondo gogoan du txistua jotzera kalera atera zeneko lehen eguna. 1975eko abenduaren 24ean, Gabon Gau bezperan, Gabon Koruaren kantu kalejiran atera zen. Batzuk kantuan ari ziren, baina Joseba Iñaki, bere zazpi urterekin, abeslariekin batera joaten den txistulari taldeko partaide bezala ibili zen kalez kale. Aita Jeronimo zen Gabon Koruko zuzendaria garai hartan, eta bere semeak, Joseba Iñaki haurrak, kalejira osoa egin zuen. “Gogorrak ziren orduko saioak, esango nuke oraingoak baino gogorragoak. Bost bat ordu iraungo zuen eta gogoan dut etxera heldu nintzenean leher eginda nengoela eta lo geratzen nintzela. Gau horretan ez nuen afaldu; nire afaria lotara joatea izan zen”, dio Egaña Bidasorok.

“Gogorrak ziren orduko saioak, esango nuke oraingoak baino gogorragoak. Bost bat ordu iraungo zuen eta gogoan dut etxera heldu nintzenean leher eginda nengoela eta lo geratzen nintzela. Gau horretan ez nuen afaldu; nire afaria lotara joatea izan zen”

Ubillos jauregiko gela batean elkartu gara hitz egiteko. Txistu irakaslea da Egaña Bidasoro, eta bertan ematen ditu ikasgaiak. Zumaiako Txistulari Bandaren entseguak ere gela horretan egiten dituzte. Hormetan zintzilikatutako argazkietan Banda honen historiako errepasoa soma daiteke. Eta historia horren parte da Egaña Bidasoro bera ere. Igande honetan 25 urte beteko ditu Zumaiako Txistulari Bandako zuzendari lanetan. “Hori zuzendari bezala, aurretik urte askotan egon nintzen eta musikari moduan”.

Etxean txistua betidanik izan dela dio zuzendariak. 1975eko estreineko saio haren ondoren, instrumentua ikasten hasi zen Zumaian bertan. “Gu Harategiko kalean bizi ginen garai hartan, eta solfa ere han zegoen. Etxean ondo portatzen nintzen eta utzi ninduten musika ikastera joaten”.

Musika ikasketei jarraipena eman zien, hasieran,  beste instrumentu batzuekin. “Klarinetea eta saxofoia jotzen badakit, eta Bandan jo izan dudanean instrumentu horiekin izan da. Pianoa ere jo dezaket. Baina, une bat heldu zen non erabaki nuen txistua jo nahi nuela”. Esan eta egin. Kontserbatorioan txistuaren ikasgaiak egin zituen zumaiarrak.

Gutxietsita

Zentzu horretan, txistua gutxietsita dagoela uste du Egaña Bidasorok. “Askok pentsatzen dute bigarren mailako instrumentu bat dela. Biolina, pianoa edo saxofoia benetako instrumentuak bezala ikusten dituzte, baina txistua ez. Zergatik? Bada, ez dakit. Baina, bost urtez ikasi behar da kontserbatorioan txistuko titulazioa lortzeko, beste instrumentu guztiekin gertatzen den bezala”, dio.

1993ko azaroaren 24ean hartu zuen Zumaiako Txistulari Bandaren zuzendari kargua Antonio Tapiaren eskuetatik. “Aurretik ere esan daiteke zuzendari lanak egiten nituela, baina, bai, ofizialki urte horretan izan zen”. Garai hartan txistuaren loraldi antzerako bat izan zela du gogoan zuzendariak, Ansorenatarrei esker, eta horrek ere izan zuen eragina Zumaian, urte haietan Txistulari Bandak musikari ugari zituelako.

2003an egin zuen kanpaina antzerako bat errepikatzea ez du baztertzen. Urte hartan Zumaiako bi ikastetxetan izan zen txistuaren berri ematen, eta ikastaro baterako haur multzo bat ere inguratu zuen.

Gaur egun txistua krisialdi antzerako batean dagoela antzeman du, eta hori bere lanean ere igarri du. “Zarautzen, Getarian eta Zumaian ematen ditut klaseak. Zarautzen eta Getarian jende  kopuru polita dut, baina Zumaian bi besterik ez. Horrek morala pixka bat jaisten dizu”. 2003an egin zuen kanpaina antzerako bat errepikatzea ez du baztertzen. Urte hartan Zumaiako bi ikastetxetan izan zen txistuaren berri ematen, eta ikastaro baterako haur multzo bat ere inguratu zuen.

Zumaiako Txistulari Bandak goiz soinua joko du igande honetan, goizeko 10:00etatik aurrera, Xixiliren aitzakian izeneko ekitaldien baitan. Hamaiketakoren bat egiteaz aparte, ez du ospakizun berezirik egiteko asmorik, izan ere, ez du Banda uzteko asmorik.