Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du Zumaiako merkatari eta ostalaritza elkarteak

Baleike 2018ko aza. 21a, 14:46

Eguberrien atarian herriko saltokiek ahalegin berezia egiten dute beren lokaletako erakusleihoak apaintzeko eta horiek Gabon giroan murgiltzeko. Esfortzu hori saritzeko antolatu du GERTU Zumaiako Merkatari eta Ostalaritza Elkarteak Gabonetako erakusleiho lehiaketa.

Saltokiek saridun izateko aukera izango dute, baina baita bozkatzen duten herritarrek ere.

Lehiaketa honetan parte hartzeko hauek dira bete beharreko oinarriak:

  1. Lehiaketa hau Zumaiako establezimendu guztientzat zabalik dago (elkartekideak eta gainontzeko guztiak).
  2. Izen-ematea:  Turismo Bulegoan (943 14 33 96 – turismoa@zumaia.eus).
  3. Izen-emate datak:  Azaroaren 22tik - 30era
  4. Erakusleihoek gutxienez abenduaren 10etik 30era bitartean egon beharko dute apainduta.
  5. Irabazleak, herritarren botoekin erabakiko dira. Boto gehien dituzten 2  establezimenduak izango dira irabazleak.
  6. Bi sari banatuko dira:  Irabazleak 200 euroko erosketa bonua eskuratuko du eta 2. lekuan gelditzen denak, berriz, 100 eurokoa.
  7. Sari banaketa 2018ko abenduaren 31ean egingo da BIKO LASTERKETAKO sari banaketarekin batera.

Herritarrentzat saria

Gabonetako erakusleiho ederrena saritu nahi du elkarteak eta  horretarako herritarren partaidetza ezinbestekoa da. Hori dela eta, bozkatzen duten guztien artean Gau bat gozatzeko smartbox bat zozkatuko dute; paradore batean gau bat, afaria eta gosaria sartzen da sarian.

Lehiaketan parte hartzeko Oxford aretora edo Turismo Bulegora jo beharko dute herritarrek beren botoa ematera. Pertsona bakoitzak, gehienez bi boto emateko aukera izango du.