Gutuna: Tamalgarria eta mingarria

Arroa Beheko Ezkaizto Auzo Elkartea 2018ko aza. 20a, 21:49

Arroa Beheko bizilagunok urteak daramatzagu Bombas Azcue aurreko bidegurutzean biribilgune bat egiteko eskatzen. Izan ere, geure begiz ikusi dugu bertan gertatu den ezbehar andana eta inork baino hobeto dakigu bidegurutze hori zein arriskutsua den. Beraz, oso berri pozgarria iruditu zaigu Gipuzkoako Diputazioak biribilgunea egiteko erabakia hartu izana. Oso bestelakoa da ordea, albistea jaso dugun egun honetan daukagun sentimendua, atsekabea eta mina baino ez baititugu barruan. 

Arroarrok, duela urtebete inguru jakin genuen Diputazioak biribilgune bat egiteko asmoa zuela. Proiektu honek gure herriarentzat duen garrantzia ikusita aurreneko momentutik udaletxera jo genuen informazio eske. Hasiera hartatik gaur arte, gure galdera eta kezkak biribilgunearekin lotuta dauden bi gairen ingurukoak izan dira: herriko sarrera-irteerak eta bidegorria. 

Izan ere, Arroa Beheak sarrera-irteera arazo nabarmenak ditu. Azken 15 urteetan etxebizitza kopurua bikoiztu bada ere, herrira sartzeko bideak berbera izaten jarraitzen du: bi auto gurutzatu ezin diren aldapa bihurria. Hala, gure herriaren alboan egingo den biribilgunea aukera aparta litzateke herria errepide nagusiekin lotzeko. Bidegorriari dagokionean berriz, Urolako Bidegorriaren Proiektuaren arabera, bideak bidegurutze hau gurutzatu beharko luke, eta beraz, logikoa litzakete biribilgune honek hori ere aurreikustea. 

Gauzak horrela, azken urtean behin eta berriz jo dugu Zestoako Udaleko atea gaia nola zegoen jakiteko. Guztietan, beraiek informazio gehiegirik ez zeukatela eta esku artean proiekturik ez zeukatela erantzun izan digute. Horrekin batera esaten ziguten, beraien susmoaren arabera, biribilguneak herriko sarrera-irteera eta bidegorria ez zituela aurreikusiko. Guk hori onartezina zela eta mesedez zerbait egin behar zela adierazi diegu behin eta berriz. Horregatik, informazio berriren bat izan bezain laster (alegazio epeak, proiektuaren xehetasunak…) gu jakinaren gainean jartzeko eskatu izan diegu. Hala ere, beraiek ez gaituzte inoiz deitu eta ez digute ezeren berri eman. Bitartean,  geu izan gara etengabe beraiengana jo dugunak.

Irailean bertan, Azcueko bidegurutzean mugimendu ezberdinak ikusi eta Zestoako Hirigintza Batzordera jo genuen, biribilgunearen gaia nola zegoen jakiteko. Bertan, oraindik ere informazio gutxi zeukatela baina gaiaz hitz egiteko gurekin biltzeko prest zegoela esan zigun alkateak. Deirik jasotzen ez genuela ikusita, geu izan gara behin baino gehiagotan alkateari bilera eske idatzi diogunak. Horrela bi hilabete baino gehiago pasa dira jada, eta oraindik ez dugu bilera hori egiterik lortu. 

Azkeneko kolpea atzo jaso genuen, guretzat hain garrantzitsua zen proiektua prentsaurrean aurkeztu behar zutela kasualitatez eta iturri ez ofizialen bidez jakin genuenean. Eta hala, gaur bertan duela astebete oraindik ere informaziorik ez zeukala eta bilera aurrerago egingo genuela esan zuen pertsona berberak, Josetxo Mendizabalek, prentsaurreko bat eman du biribilguneari buruzko informazioa emanez. Baina ze errespetu falta da hau? Prentsaren bidez jaso behar al ditugu gure herriari buruzko berriak? Orain arte gezurretan aritu ote zaigu, ezer berririk ez zekiela zioenean?

Gaurkoan, Arroako hainbat herritar prentsaurrekora gerturatu gara, alkateak egin ez duen bezala Aintzane Oiarbidek gure galderei erantzungo zielakoan. Tamalez, honek gure beldurrak baieztatu baino ez ditu egin: biribilguneak ez du herrirako sarrera-irteerarik izango eta bidegorria ere ez du aurreikusten.

Oiarbidek esan duenaren arabera, biribilgunea txikiegia da laugarren sarrera bat izateko. Hasiera batean biribilgunea egiteko lekurik ere ez zegoen eta arazo hori konpontzeko udalak lur zati batzuk eman behar izan dizkio diputazioari, eta herriko sarrera-irteeren eskumena udalarena izanik, tamaina arazoa bada zergatik ez dio lur zati handiagoa eman sarrera hori egin ahal izateko? Ez dakigu noizbait galdera honen erantzunik izango dugun, oraingoz behintzat ezinezkoa izan da alkatearekin biltzea. 

Bidegorriari dagokionez berriz, biribilgune hau ez omen da proiektu horrentzat oztopo izango eta momentua iristen denean egingo omen dituzte behar diren aldaketak. Ez al da hobe hasieratik ongi egitea? Handik metro gutxira dagoen Txikierdiko biribilgunean gertatu zena gertatzea nahi al dute?

Gauzak honela, ospatzeko eguna izan behar zuena, atsekabez, adarra jotzen ari zaizkigunaren sentsazioarekin eta instituzioekiko eta bereziki Zestoako Udalarekiko minez amaitu dugu Arroan.

Ezkaizto Auzo Elkartea