Arroa Behean biribilgunea eraikiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Baleike 2018ko aza. 20a, 17:36

Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea eraikiko du N-634 eta GI-631 errepideak elkartzen diren bidegurutzean, Arroa Behean. Lanak otsailean hasiko direla eta hiru hilabeteko iraupena izango dutela iragarri dute Foru arduradunek. Uda sasoirako biribilgunea amaituta egotea espero dute. Arroako bizilagunak ez daude proiektuaren ezaugarriekin erabat konforme.

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek Zestoan aurkeztu du proiektua. “Aldundia bide segurtasuna hobetzeko egiten ari den jarduketen artean dago bidegurutze honetan biribilgune bat egiteko proiektua. Kostako errepidea eta Urola Erdirantz doan errepidea gurutzatzen diren gune honetan trafiko handia egoten da eta biribilgunearen bitartez trafiko emariak ez gurutzatzea lortzen da eta, aldi berean, trafikoa noranzko guztietan mantsotzea”, azaldu du Oiarbidek. 

Arroa Beheko biribilgunearen planoa.

“Datorren asteko diputatuen kontseiluan onartuko da obra honen proiektua eta ondoren lizitazioari hasiera emango zaio. Dena onbidean, otsailean lanak hasiko dira eta uda sasoirako biribilgunea amaituta egongo da”, gehitu du Bide Azpiegituretako diputatuak.

Gaur egun dagoen bidegurutzea T motakoa da, eta intersekzio mota honetan, ezkerretarako birak hartzerako orduan, ibilgailu trafikoak gurutzatu egiten dira. GI-631 eta N-634ko Zumaiarako adarretan 5.000 ibilgailu izaten dira eguneko eta, aldiz Deba alderakoan, 2000 ibilgailu inguru. “Udan, hondartza sasoia hasten denean, trafikoa nabarmen handitzen da. Azkoitia, Azpeitia, Zestoa… orokorrean Urola Erdiko biztanle gehienen hondartzarako bidea da hau eta ibilgailuak gehitzearekin batera arrisku momentuen igoera ere nabarmentzekoa da”, gehitu du Oiarbidek.

“Legealdi hasieratik Zestuako alkatearen eskaera arrazoitua izan genuen eta proiektua egiterakoan tramitazioa luze joan da hibaiaren hurbiltasunagatik URA agentziak jarritako baldintzak bete behar izan direlako eta behar diren lurren kudeaketagatik. Zorionez hilabete gutxi barru errealitate bat izango da”, adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak. Diseinatu den biribilguneak hiru adar ditu, 50 m-ko kanpo diametroa dauka, 16 m-ko diametroko barne erradioa eta lau metroko bi lerrok osatuko dute eraztuna. Adar horietako bakoitzak bi sarrera-lerro eta irteera-lerro bakarra ditu. Irlatxo deflektoreakproiektatu dira, autoak biribilgunean sartu baina lehenago abiadura moteldu dezaten eta baita haien ibilbidea biribilgunearen trazatura era egokian zuzentzeko.

Eraginkortasun energetikoa Aldundiaren apustuetako bat dela gogoratu du Aintzane Oiarbide diputatuak eta biribilgunea argiztatzeko bederatzi metroko altura duten LED motako 12 farola berri proiektatu direla azaldu du.

Biribilgunea egin ahal izateko, Zestoako udalak 1500 m2-ko lursaila utzi du aldundiaren esku. Lanen jardunaren aurrekontua 607 mila eurokoa da eta 3 hilabeteko epea dauka.

Arroako bizilagunak ez daude erabat konforme

Biribilgunearen aurkezpenean izan dira Arroa Beheko hainbat bizilagun. Biribilgunea egitea aurrerapausoa dela onartuta, proiektuak ez ditu asebetetzen beraien bi eskaera garrantzitsu: herriarentzat sarrera-irteera egoki bat, eta bidegorria kontuan hartzea. Biribilgunearen proiektuan parte hartzeko aukera eskatu izan dute behin baino gehiagotan Arroa Beheko bizilagunek, Auzo Elkarteko kideek azaldu dutenez: “Gure aldarrikapenak jasotzeko epe batzuk izango genituela azaldu zigun Udalak baina ez gaituzte entzun”. Arroa Behea asko handitu den arren, duela 60 urteko sarrera-irteera berbera dauka. Zuzenean biribilgunearekin lotura egingo duen sarrera-irteera berria eskatu genuen, baina ez dute aintzat hartu”.

Azpiegituretako departamentuko plangintza eta ustiaketako zuzendari nagusi Mikel Uribetxeberriak azaldu du biribilgunera sartzeko laugarren beso bat egitea planteatu zutela bere garaian, baina leku kontuagatik baztertu egin zutela. “Bide sarreraren gaia Udalaren kontua da, ez da gure eginkizuna” azpimarratu du. Udalak sarrera-irteera berria bideratzea planteatzen duenean Aldundiak euren errepidearekin lotura hobetzen laguntzeko konpromisoa hartu du Oiarbidek.

Horrez gain, bizilagunak kezkatuta azaldu dira, biribilgune berriak ez duelako aintzat hartzen behin eta berriz eskatu den bidegorria. Uribetxeberriak esan duenez, etorkizunean bidegorria egiten bada birbilguneak ez du inolako oztoporik eragingo. Badirudi, ordea, bidegorria eta biribilgunea uztartzeko aukera bat galdu dela.