Ainguratutako ontzien Zumaiako Klub Nautiko arrantza sariko bigarren proba jokatu dute

Baleike 2018ko aza. 20a, 12:14

Larunbatean jokatu zen Zumaiako Klub Nautikoaren ainguratutako ontzien arrantza sariko bigarren proba. Hamabi ontzik hartu zuten parte Aitzuri eta Getariako San Anton mendiaren artean egindako lehiaketan.

Goizeko lehen ordutan izandako hego haizeak olatuak baretu zituen, eta horri esker arrantzarako baldintza ezinhobeak izan ziren. Arrantzatutako arrain kopurua ere handia izan zen, eta baita kalitatezkoa ere. Horren adibide da Spar ontziak hartu zuen 3.145 gramoko San Martin arraina. Guztira, 123,2 kilo arrain arrantzatu zituzten, 289 piezatan banatuta.

Bigarren probako sailkapena honela geratu zen lehen hiru postuetan:

  1. Spar. 23.400 gramo eta 51 pieza.
  2. Iturri. 16.800 gramo eta 35 pieza.
  3. Triton. 13.800 gramo eta 30 pieza.

Lehen bi probak jokatuta,Iturri ontzia dago sailkapenaren buruan, 5 punturekin. Bigarren Aketza dago, 6 punturekin, eta hirugarren Kaela, 8 punturekin.