Erkibe etxea udal jabegora pasatzeko pausoak eman ditu plenoak

Baleike 2018ko aza. 15a, 18:00

Plenoak aho batez onartu du desjabetzaren ondoren ordaindu beharreko interesak eteteko diru kopurua esleitzea.

Aspalditik datorren gaia da Erkibe etxearena. Eusebio Gurrutxaga plazaren alboan dagoen eraikina Batzokia izan zen orain hamarkada batzuk, eta okupatu ere egin zuten Zumaiako lehen gaztetxea izateko. Ordutik izango dira hamar urte eraikina hutsik dagoela. Denbora honetan jabego pribatua, Zelaia familia, eta Udala tirabiratan izan dira epaitegietan eraikinaren eta aurreko lursailaren desjabetza dela medio. Tunelaren amaierako argiak hurbilago dirudi, ordea, azken mugimenduen ondoren.

Udal Gobernuak ezohiko plenoa deitu zuen asteazken arratsalderako. Aztertu ziren kreditu aldaketen artean Erkibe etxeari dagokiona zegoen. Bilkurari diru kopuru bat esleitzea eskatzen zitzaion desjabetzaren ondorioz ordaindu beharreko interesak eteteko.

Oier Korta alkateak azken urte hauetan izandako epaien berri eman zuen. Gogoratu zuen lehen epai bat izan zela 2014 uztailean. Desjabetzagatik 390.000 euro ordaindu beharko zion Udalak jabegoari. Bi parteek errekurritu zuten epaia: Zelaia familiak kopurua txikiegia zela uste zuelako –2.185.000 euro eskatzen zituen–; Udalak, berriz, handiegia zelakoan.

Administrazioarekiko auzi-prozesuaren epaitegiak aurtengo martxoan eman zuen bere epaia. 2014ko kopurua ontzak eman zuen, baina Udalari dagokion %15eko aprobetxamenduaren balioa kontutan hartu ez zela nabarmendu zuen. Hala, desjabetzaren kopurua 623.113 eurora igo zuen. Gaineratu zuen Udalak kopuru horri dagozkion interesak ordaindu beharko zituela, 2014. urtetik honakoak, hain zuzen ere. Parteek ez zuten epaia errekurritu. Epaia, beraz, irmoa da.

Interes horien ordainketa eteteko desjabetzari dagokion diru kopurua esleitu behar da epaitegian. Hori da justu asteazkeneko plenoan aztertu zutena. Proposamena aho batez onartu zuten EAJ-PNVko, EH Bilduko eta PSE-EEko zinegotziek.

EH Bilduko bozeramaile Alex Olidenek, baina, kritikatu zuen Udal Gobernuak ez zuela ezer egin epaia jaso zenetik plenoa deitu zen unera arte, eta denbora horretan interesak ordaindu direla. 16.000 eurotan kalkulatzen dute ordaindutako kopurua.

Itxidura eta zuhaiztia

Desjabetzaren inguruko epaia irmoa bada ere, Udalak eta Zelaia familiak negoziatzen jarraitzen dute lursailaren itxiduraren eta arboladiaren inguruan. "Epaitegiak erabaki zuen horiek ere baloratu behar zirela, baina ez zuen inongo kopururik zehaztu", adierazi du Kortak. Jabego pribatuak 300.000 euroko balorazioa egin du, "ornamentazioko zuhaitzak" zirelakoan. Udalak perito bat kontratatu zuen balorazioa egiteko, eta emaitzak  oso bestelakoak izan ziren: 3.000 euro itxiduragatik eta beste 1.800 euro zuhaitzengatik. "Orain negoziatzen ari gara, baina ez dut uste asko luzatuko denik".

Aferaren amaiera hurbilago dago eta hori "albiste pozgarria" dela uste du Kortak. "Lursail hori udalaren jabegora pasatzen denean, ingurune horren etorkizuneko berrurbanizazioa osotasunean hartzeko aukera emango digu".