Gertu merkatari eta ostalarien elkartea

Merkatari eta Ostalaritza elkarteak izen eta logotipo berriak ditu

Baleike 2018ko aza. 15a, 09:37

Leyre Kortak aurkeztutako Gertu hitza izango da hemendik aurrera elkartearen izena. Logotipoa, berriz, Nagore Etxaberena da.

Zumaiako Merkatari eta Ostalaritza elkarteak izen eta logotipo lehiaketa abiatu zuen duela hilabete. Guztira, sei lan aurkeztu dira eta elkarteko Zuzendaritza Batzordeko partaideek eta diseinu grafikoan aditua den Mireia Arronak (Mandala paperdena) osatutako epaimahaiak bi irabazle aukeratu ditu.

Alde batetik, elkarteari dagokion izena Leyre Kortak asmatutako Gertu izan da. “Izen hau aukeratu dut dendari eta ostalari  txikien ezaugarri garrantzitsuenetako bat erakusten duelako: gertutasuna.  Izan ere,  jakin badakigu, komertzio txikiak herriarengandik hurbilen dauden merkatuak direla,  beraien tratu pertsonalizatua eta kalitatea eskainiz.  Gainera,  hori gutxi balitz,  herriari bizitasuna eta alaitasuna ematen diote”, esan du egileak.

Beste aldetik, marrazkiari edo logotipori dagokionez, Nagore Etxabe artistak egindako irudia izan da garailea. “Merkataritza eta ostalaritzaren muina, izatea eta tokia, ‘plaza’ da.  Ez litzateke merkataritza, truke eta elkargunerik izango plazarik ez balego.  Toki  zehatzak dira, tokian-tokiko berezitasun, produktu eta zerbitzuekin elkartrukerako sortuak, irekiak eta anitzak.  Diseinuaren nondik norakoa hori da, elkargune eta denon aterpe diren puntuak sortzea”, azaldu du.