Deba eta Zumaia arteko harraldea garbitu dute auzolanean

Baleike 2018ko aza. 11a, 11:33

Eguzki talde ekologistak deituta, 200 boluntariotik gora aritu dira Deba eta Zumaia arteko harraldea garbitzen. Guztira, 2.500 kilotik gora plastiko atera dute. 

Eguzkitik azaldu dutenez, harrigarria izan zen atzo arratsaldean harraldean topatutako hondakin kopuru handia. Ahal zena bildu, eta gainontzekoa mareen eraginpetik aldentzen saiatu ziren boluntarioak. 

Deba eta Zumaia arteko zabalgunea garbitzen aritu direnek naturarekiko eta herrigintzarekiko "kontzientzia eta konpromisoa" erakutsi dutela uste du Eguzkik. Hala ere, plastikoak sortzen dituen arazoei aurre egiteko ekimena nahikoa ez dela iruditzen zaie talde ekologistako kideei. Emandako datuen arabera, 10 milioi tonelada plastiko iristen da urtero itsasora. 

Arazoa globala izanik, irtenbidea ere globala behar duela azaldu dute. Lehenik eta behin, plastikoen ekoizpena mugatzea eta birziklatu ezin daitezkeen plastikoak debekatzeko neurriak hartzea beharrezkotzat jo dute. 

Administrazioek arazoari "serio heldu" bitartean, herritarrek ere neurriak har ditzaketela uste dute Eguzkikoek. Haien hitzetan, neurri horien bitartez erakutsitako kontzientzia "akuilu" izan daiteke agintariek hartu beharreko erabakiak lehenbailehen har ditzaten. 

Hondartzak garbitzen diren bezala, Deba eta Zumaia arteko harraldea ere tarteka garbitu behar dela uste dute. Biotopo babestua izanik, garbiketa neurriak hartu behar direla irizten diote. 

Bestetik, Gipuzkoako erreka eta ibaiek ere garbiketa behar dutela azaldu dute: "Ezin dute plastikoak itsasora eramateko autopistak izan".