Maite Mancisidor: “Baserrian belaunaldi gazteen falta da arazoa, eta horrek baldintzatuko du nekazaritza turismoa ere”

Baleike 2018ko aza. 10a, 17:15

Maite Mancisidor Santa Klara baserriko hirugarrena da. 2004an eman zuen baserriak nekazaritza turismorako pausoa, eta, ordutik, bisitari asko izan dituzte etxean. Hala ere, nekazaritza dute, abeltzaintza, zehazki, baserriko aktibitate nagusia. Iaztik, Nekatur elkarteko (Euskadiko Nekazalturismo eta landa etxeak) zuzendaritza batzordeko kide da, eta aitortu du denbora honetan asko ikasi duela. Iraileko Baleike aldizkarirako elkarrizketatu genuen Mancisidor, eta webgunera ekarri ditugu haren hitzak. 

Nola egin zuen Santa Klarak turismorako saltoa?
Santa Klara Zumaiako lehenengo eraikinetako bat da, eta oso egoera kaxkarrean zegoen. Katalogatutako eraikina zenez, aldamenean beste eraikin bat egiteko baimena eman ziguten. Ama aurretik Tomas apartamentuetan lan egindakoa zen, eta etxe berriaren dimentsioak kontuan hartuta, nekazaritza turismorako jartzea bururatu zitzaion.

Zer ekarri zuen aldaketa horrek?
Gu oso etxe zaharrean bizi ginen, ez genuen urik ere. Guri esker auzoan ura sartu zen inguruan ura; eboluzioa izan zen guretzat, baita auzokoentzat ere. Lehen esan dudan bezala, ama sektore honetan lan egindakoa zen, eta bazuen esperientzia. Nik 12 urte nituen eta ilusioarekin gogoratzen dut hasiera. Gainera, apustu honi esker, ama etxean aritzen zen lanean, gehiago ikusteko aukera genuen... 2004ko uztailaren 8an ireki genuen nekazaritza turismoa, udararako. Orain ia urte osoan daukagu jendea, baina lehen udara izaten zen sasoi onena. Beraz, garai onean zabaldu genuen.

Bisitarien jatorriari dagokionez, izan da aldaketarik urte hauetan guztietan?
Hasieran, madrildarrak, kataluniarrak eta euskaldunak etortzen ziren. Orain, berriz, andaluziarrak dira asko. Egia esan, Espainia osoko jendea etorri da azken urteotan. Frantsesak, alemaniarrak, finlandiarrak... ere ohiko bezeroak dira. Azkenaldian, gainera, Asia aldetik etorritako bisitariak ari dira ugaltzen; batez ere japoniarrak.

Zenbat egunetarako etortzen dira bisitariak?
Uztaila eta abuztuan, 5-7 egunen artean. Iraila oso irregularra izaten da, eta normalean 3-4 egunetarako etortzen dira.

Zerk erakartzen ditu?
Jende gehiena gure kokapenagatik eta etxetik dauden bistengatik etortzen da. Asko harritzen dira etortzen direnean. Horretaz gain, animaliak dira beste elementu garrantzitsu bat. Etxean dauden pertsonei bisitak antolatzen dizkiegu animaliak ikusteko. Bide batez, behiak nola biltzen diren, zer ematen zaien jateko eta abar erakusten diegu. Ekintza horiek umeekin etortzen direnei gustatzen zaizkie, batez ere. Azkenik, bezeroekin dugun gertutasuna eta harreman berezia ere asko eskertzen dute.

Zer estilotako jendea etortzen zaizue?
Hasieran mendia eta natura maite zutenak hasi ziren etortzen. Krisi momentuan, berriz, hoteletako jendea edo hoteletako zerbitzu atsegin zutenak etorri ziren. Garai hartan nekazaritza turismoaren booma zegoen, eta merkeago zenez, horrelako jendea hasi zen etortzen. Zein zen arazoa, ordea? Ez zutela animaliarik entzun nahi, belar usaina ez zutela atsegin... Baina, hau azken finean, baserri bat da. Orain berriro bueltatu gara jatorrietara, eta eskertzen da.

Euskal Geoparkean zaudete kokatuta. Zer alde on eta txar ekarri dizue?
Turistak ekartzeko ondo dago, baina gu nekazariak ere bagara eta hor eztabaida handiak ditugu. Algorri inguruan gure belardi zati bat dago, eta iaz, esaterako, ordu erdi baino gehiago pasa nuen zaborra jasotzen. Badakit ez dela Geoparkearen kulpa jendeak zaborra botatzea. Arazoa jendearen heziketa faltan dago. Horregatik, uste dut arautu egin behar dela, isunak edo zerbait jarri.

2016ko urrian, Game of Thrones telesaileko zazpigarren denboraldiko eszena batzuk grabatu ziren, Itzurunen. Jende andana joan zen zuen etxe ingurura. Nola bizi izan zenuten?
Grabaketak egin baino askoz ere lehenago hasi zen kontua guretzat; izan ere, lantaldeko batzuk etorri ziren gure etxera zer egin nahi zuten kontatzera. Grabazioa hasi zen egunean Ertzaintza etorri zen. Beraien ordena grabazioa babestea zen, eta horretarako jendea menditik atera behar zuten. Noski, irudiak hartzera etorri zirenak gure zelaietan sartu ziren, eta beste batzuen lurretan itxiturak eta atakak ere puskatu zituzten. Inork ez zuen lursail pribatuetan sartzeko baimenik eskatu. Bi aukera genituen: Ertzaintzari bere lana egiten utzi eta gure lurrak babestu, edo beste aldera begiratu eta baserriko lanak egiten jarraitu, egunero bezala. Arazorik ez genuen nahi, eta bigarrena aukeratu genuen. Egia esan, esperientzia xelebrea izan zen, ez ohikoa.

Nekatur elkartea 1991. urtean sortu zen nekazaritza turismoko etxeak babesteko.
Hotelek beraien elkartea duten bezala, guk geurea daukagu, eta, egia esan, gure sektorearentzat zerbait lortzeko, denok bat eginik errazagoa da: arauen berri jakiteko, elkar laguntzeko, baten zalantzak bestearenak direlako, konbenioak egiteko...

Marketin eta publizitate arloan ere asko egiten dugu webgunearen bitartez. Denok gaude sarean han, eta erreserbak ere bertan egin daitezke. Aurten, berrikuntza bat ere sartuko dugu, eta da ostatua hartzeaz gain, aktibitateak erreserbatzeko aukera egongo dela.

Zuzendaritza batzordean zaude iaztik. Zer moduzko esperientzia da?
Egia esan, pila bat ikasten ari naiz. Batzordean Gipuzkoako lau eta Araba eta Bizkaiko hiruna pertsona gaude. Galdetu egiten dute nork nahi duen sartu, eta normalean ez du inork nahi izaten. Animatu nintzen, eta, beno, esperientzia ona izaten ari da. Sektorearen ezaugarri eta egoera benetan nolakoa den ezagutzeaz gain, elkarteko kide bakoitzaren beharrak eta nahiak jakiten ditugu. Anitzak gara, eta bakoitzaren egoeretara moldatu behar dugu.

Azkenaldian elkartean asko landu duzue etxebizitza turistikoen gaia. Zein da arazo nagusia?
Nahiko iskanbila daukagu kontu horrekin, azkenean, zuzenean eragiten diolako gure sektoreari. Gutaz gain, hotelei eta, batez ere, pentsioei eta apartamentuei. Horregatik, hotelen elkartearekin elkarlanean ari gara gai hau lantzen. Eskatzen duguna da etxebizitza turistikoak arautzea. Ezin dena egin da besteok izugarrizko arau gogorrak izan, eta horiek ia ezer ere ez. Azken batean, exijentzia gutxiago dituzte, eta horrek eragin du elkartean batzuk pentsatzea nekazaritza turismoa edo landa etxea utzi eta etxebizitza turistiko izatea.

Pentsatu da etxebizitza turistikoena landa eremuan jartzea?
Eusko Jaurlaritzako politikari batzuk eskatzen zuten landa eremuan etxeak egin eta horietan etxebizitza turistikoak jartzea. Baina guk galdetu genien: zer legedirekin? Nahi dutena egingo dute? Guk eskatzen duguna zera da: landa eremu batean irekitzen den negozio turistikoa nekazaritza turismo edo landa etxea izatea. Gure ustez, eta batez ere gure identitatea babesteko, landa eremuetan zerbait landatarrak egon behar du.

Orain dela urte batzuk nekazaritza turismo eta landa etxeak, hotelak bezala, puntuatu edo klasifikatu egin nahi ziren. Zuen kasuan, izarrak erabili beharrean, galburuen bidez.
Elkartean asko borrokatu genuen arau horren aurka. Oker ez banago Patxi Lopezen legealdian izan zen hori. Baina guk aldarrikatzen genuena zen oso zaila zela gu puntuatzea. Hau da, nekazaritza etxe bati ezin zioten gehiago puntuatu igerilekua eta spa bat izateagatik. Zerbitzu gehiago dira, bai, hobea askorentzat, baina horiek ez dira landa eremuko bereizgarri edo ez dira gure identitatea adierazten dutenak. Orduan, zer egin behar zuten: gure identitateko elementuak puntuatu? Baratze bat? Zuhaizti bat? Azkenean, gelditzea lortu genuen.

Baserria galbidean doala esaten da azken urteetan. Ondorengorik ez izatea benetakoa al da?
Bai, eta elkartean ere sumatzen da hori. Batzordean ni naiz gazteena, esaterako. Egia esan ez dakit zenbat baserri geldituko diren hemendik bost urtetara. Gure etxearen inguruan, adibidez, asko jubilatzera doaz, etxeko emakumeak hartuko du titulartasuna, baina horiei ere hemendik hamar bat urtera jubilatzeko ordua iritsiko zaie. Zorionez, gazte batzuk bagaude, baina hori ez da ohikoa nekazaritza munduan. Egunero egin behar da lan, eta hori gazteei ez zaie gustatzen, normala da.

Gainera, gaur egun norbaitek sartu nahi badu lehen sektorean lanean, erraztasun gutxi daude. Makineria eta instalakuntzak, esaterako, oso garestiak dira. Eta, noski, horrek guztiak baldintzatuko du nekazaritza turismoa. Nekazaritza etxeak derrigortuta daude baserriko aktibitatea izatera, eta baserria galtzen bada… Landa etxeak, berriz, ez dute lehen sektorean lan egiteko titulartasunik behar, baina horiei ere eragingo die.

Emakumea oso garrantzitsua izan da baserrietan…
Euskal Herria baserri munduan oso matriarkala izan da beti, baina uste dut nekazaritzan bien beharra dagoela, bai emakumeena, baita gizonezena ere. Nik, orain ere, gauza batzuk egiteko anaia behar izaten dut. Azkenean ez da dena muturrera eraman behar. Egia da nekazaritza turismoan, kasu askotan, behintzat, emakumeak hartu izan duela lan horiek egiteko ardura eta gizona gehiago ibili dela traktorearekin lanean edo ukuiluan. Baina gure etxean, adibidez, aita bizi zenean, oheak egiten ere ibiltzen zen. Nik uste talde lana beti egin daitekeela.