Algorriko egokitzapenen berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Baleike 2018ko aza. 8a, 09:59

Orain arteko lanak baloratu eta datozen hilabeteetan egingo dituztenen berri eman zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek Algorri Interpretazio Zentroan egindako bilera irekian. Biotopoko ohiko erabilera erregulatzeko araudia osatzeko asmoa ere agertu zuten.

Bederatzi urte igaro dira Deba eta Zumaia arteko itsasartea biotopo babestu izendatu zutenetik. Ordutik bisitari kopuruak gora egin du, eta ibilbideak hori guztia jasateko azpiegiturarik ez duela uste du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haien hitzetan, horrek bidexka berriak sortu ditu, higadura arazoak, segurtasun falta, eta zabor pilaketa. Arazo horiei irtenbide bat emate aldera, aldundiak hainbat lan egin ditu azken hilabeteotan.

Bisitari ugari izan du Algorrik udan. Aldundiak emandako datuen arabera, abuztuaren azken astean ia 10.000 bisitari igaro dira Algorriko goiko bidetik. Hala, ibilbidea egokitze aldera egin dituzte lanak. Bisitariak bide bakar batetik joatea, higadura arazoak saihestea, landaretza berreskuratzea, bisitariak segurtasunez ibiltzea, kalitatezko esperientzia eskaintzea eta naturarekiko errespetuz aritzea izan dira lan horien helburuak. Aldundiko teknikariek adierazi dutenez, eskuzko teresneriarekin egin dituzte egokitzapen guztiak. 

Txillara eta otabera landatuko dituzte hil honetan zehar. Bestetik, beheko ibilbideko lanak osatuko dituzte: denbora geologikoaren ibilbide interpretatiboa jarriko dute herrirako bidean. Algorritik Zumaiarako bideak, espazioan ez ezik, denboraren perspektibatik ere irudikapena izatea nahi dute teknikariek. Era horretan, 120 metroko ibilbidean 66 milioi urteko gertakari esanguratsuen berri izango du bisitariak. 

Erabilera erregulatzeko araudia
Gipuzkoako Foru Aldundiak bi saiakera egin ditu biotopoko ohiko erabilera erregulatzeko araudia osatzeko. Jon Zulaika Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariaren hitzetan, “arazo juridikoak” medio, ez dute lortu.

 Nolanahi ere, 2019ko udarako araudi hori indarrean jartzeko asmoa agertu du aldundiak. Era horretan, jendeari kargu hartzeko aukera izango dela azaldu dute diputaziotik.