ARGAZKIAK: Kirolariak eta merkatariak Euskaraldiarekin

Baleike 2018ko aza. 7a, 09:10

Gero eta gutxiago falta da Euskaraldia hasteko. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean gauzatuko da ekimen hau Euskal Herri mailan. Zumaiarrak ere bat egiten ari dira Euskaraldiarekin, eta horren erakusle dira herriko kirolariek eta merkatariek erakutsitako atxikimendua. 

Surfistek, triatletek, pilotariek edota, esan bezala, merkatariek bat egin dute Euskaraldiarekin, eta argazkia atera dute pankarta eskutan dutela.

Herriko beste talde, elkarte edo eragileek argazkia atera nahi badute Euskaraldiaren Zumaiako taldearekin jar daitezke harremanetan, euskaraldia@zumaia.eus helbidera idatziz edo 692 704 912 telefonora deituaz.

Gogoratu, bestalde, oraindik ere badagoela izena emateko epea. Hemen duzue horren inguruko informazio gehiago. 

Ttak! bakarrizketa, Alondegian

Zumaiako Euskaraldiaren talde antolatzaileak, egun gutxi barru gertatuko denaren berri emateko emanaldi berezia antolatu du, Ttak! deituriko bakarrizketa.

Aipatu ekitaldia Beatriz Egizabal klown eta antzerkilariak eskainiko du, eta helburu du, hain zuzen, umorea ardatz hartuta, Euskaraldia zer den gizarteratu eta Euskaraldiaren baitan dauden dinamika eta jokabide proposamenak azaltzea, horrela, ikusleen artean hizkuntza-ohiturei buruzko hausnarketa eragiteko.

Ttak! emanaldia, datorren asteazkenean eskainiko da, arratsaldeko 19:00etan Alondegian.