Kauldik, 4 golekin, eta Torrikok, 6rekin, beraien taldeen garaipenetan lagundu dute

Baleike 2018ko aza. 4a, 08:51

Irungo Bidasoa taldea Asobal Ligako denboraldi hasierako sorpresa handiena ari da bihurtzen. Zortzi jardunaldiren ondoren, bigarren dira Jacobo Cuetarak gidatutako mutilak. Atzo, gainera, etxetik kanpo lortutako lehen garaipena erdietsi zuten. 

Orain arte etxean jokatutako partida guztiak irabazi dituzte irundarrek, baina Artalekutik kanpo garaipenik lortu gabe zegoen Bidasoa. Atzo Ander Torrikoren talde ohiaren aurka zuten partida, Benidormen aurka alegia. Bi goleko aldearekin irabazi zuen, 21-23, eta garaipen horretan garrantzia izan zuen Kauldi Odriozolak lortutako lau golek. Lesioaren ondoren indartsu bueltatu da zumaiarra. 

Bidasoa bigarren da sailkapenean, 11 punturekin, Granollers eta Ademar Leon indartsuekin berdinduta. 

Ander Torrikori dagokionez, bere taldea, Blendio Sinfin kantabriarra, 11. da sailkapenean, 7 punturekin. Santanderkoek Frigorificos Morrazo taldea hartu zuten atzo La Albericia kiroldegian, eta 25-21 emaitzarekin irabazi zieten galiziarrei. Berebiziko balioa izan zuten Torrikok lortutako sei golek.