The Grace of Dionysus: Katarsiaren ordua

Baleike 2018ko aza. 3a, 09:32

The Grace of Dionysus hirukote zumaiarrak kontzertua emango du gaur Errenterian, Enkore taldearekin batera. Kontzertua 22:00etan hasiko da Niessen aretoan. Taldeak Katharsis izeneko diskoa atera zuenean Baleike aldizkarira eraman genuen. Hemen duzue artikulo hura.  

The Grace of Dionysus hirukoteak Katharsis izeneko diskoa atera du uda honetan. Edozein festa dionisiakotarako aproposak diren bederatzi kanta jasotzen dituzte bertan. Diskoa zuzenekora eramatea dute orain helburu. 

Christos Foufonisek (gitarra eta ahotsa), Abraham Larrañagak (baxua eta ahotsa) eta Ion Sarasketak (bateria) osatzen dute power trio hau. 2009. urtean hasi zuten abentura eta bederatzi urte luze behar izan dituzte lehen diskotzat jotzen duten Katharsis hau ateratzeko. Aurretik, 2001. urtean, taldearen izen bereko lehen CD bat atera zuten. “Hura maketa bat zen. Hau da taldearen lehen diskoa”, dio Sarasketak.

Zazpi urte asko dira. Denbora horretan taldeak sortu, garatu eta eta desagertu ere egiten dira. “Denbora honetan taldearen soinua kontsolidatu egin da. Bluesaren oinarria mantendu dugu, baina denborarekin gurea dugun soinua izatera heldu gara”, azaldu du Foufonisek.

Orain bi urte inguru hasi ziren abestiak grabatzen. “Berez ez zen disko baterako”, dio Larrañagak. “Grabatzen hasi ginen, esperimentatzen, ikusteko ea zer ateratzen zen. Dena gorpuzten joan zen, baina teknikariak, Iñigo Llavorik, lanagatik denborarik ez zuen, eta dena atzeratu egin zen”. “Hasiera hartan presarik ez genuen”, jarraitu du Sarasketak, “baina erabaki bat hartu behar izan genuen. Dena hainbeste luzatu zen!”.

Erabakia Eñaut Gaztañagaren eskuetan jartzea izan zen. Griseseko abeslari eta gitarristak Gaztain Estudioa izeneko grabazio estudioa du Zestoan, eta hara joan zen hirukotea bere abesti sortarekin. Pozik daude Gaztañagak egindako lanarekin. “Hasieratik ulertu zuen zer nahi genuen eta diskoan primeran islatu du. Ez genuen nahi kantak gehiegi makillatzerik, ez genuen su artifizialak nahi, gu garena izan nahi genuen”, dio Larrañagak. “Eta gero hari utzi diogu lan egiten. Proposatu digun guztia sartu dugu diskoan”, jarraitu du Sarasketak.

Diskoaren diseinua, berriz, Paula Estevez artistaren esku utzi dute. “Etxepare saria irabazi du. Elkarrizketa bat izan genuen elkar ezagutzeko eta hark ere hasieratik ulertu gintuen”, diote. 

Horren guztiaren emaitza Katharsis da. “Prozesu baten katarsia da. Genuen guztia eman dugu, hustu egin gara, dena abesti hauetan sintetizatu dugu eta orain sendoagoak eta erritmikoagoak gara”, azpimarratu du Larrañagak.

Taldearen bizkarrezurrean daramaten bluesa eta rocka mantentzen dituzte, eta horiei ñabardurak gehitu dizkietela diote: “Oinarria, esentzia, hor dago, Led Zeppelin eta Deep Pupleetik hasi eta nahi duzunera arte. Esentzia hori nahigabe ere aterako da. Baina gero gure soinua osatzen duten ñabardurak daude: garajea entzun daiteke, soula, funka, stonerra, post punka ere bai. Diskoa entzun duen jendeak esan digu taldearen soinua duela. Hori handia da”, dio baxu jotzaileak. “Disko batzuetan badakizu zer entzun behar duzun. Honekin ez, disko hau entzuten duzu eta oraindik harritu egiten zaitu. Prozesua luzea izan da, baina azkenean ondo atera da. Nahi genuen diskoa atera dugu”, nabarmendu du Foufonisek.

Agertokiko animaliak izanik, taldearen hurrengo pausoa diskoa zuzenekora ematea izango da. “Orain, jo, jo eta jo”.

  1. Facebook: https://es-es.facebook.com/TheGraceofDionysus/
  2. Bancamp: https://thegraceofdionysus.bandcamp.com/
  3. YouTube: https://www.youtube.com/channel/UCVExpSEPr4dOJAncLYsq1Lg/featured
  4. Instagram: https://www.instagram.com/thegraceofdionysus/