Larretxo auzoko igogailuaren proiektua aurkeztu du Udal Gobernuak

Baleike 2018ko aza. 1a, 08:12
Argazkia: Zumaiako Udala.

Igogailuaren proiektua idatzita dago, eta datorren urtean egiten hastea aurreikusten da. “Igogailu honek ez du auzoko irisgarritasun arazoa konpontzen, baina lehen pauso bat da”, esan du alkateak. Gainera, proiektu honetaz haratago, auzoaren azterketa sakona egingo da.

Pasa den astelehenean aurkeztu zuen Zumaiako Udal Gobernuak Oxforden Larretxo auzorako igogailuaren proiektua. Bertan izan ziren hainbat auzotar, eta alkateak eta Gorka Arregi udal arkitektoak igogailuaren inguruko xehetasunak eman zituzten. “Igogailu honen proiektua garatzeko aukera Flysch hotela egiten ari zenean suertatu zen”, hasi zen Oier Korta alkatea. Hala, hotelaren eta Aitz Gain etxearen artean egingo da Larretxo auzoko igogailua. “Gure asmoa proiektua 2019ko aurrekontuetan sartzea da, eta, baita egiten hastea ere”, jarraitu zuen.

“Gaur aurkezten ari garen proiektu honek ez dio soluzio oso bat ematen auzoari, baina bertako irisgarritasuna hobetzeko lehen pausoa izango da”, nabarmendu zuen Kortak.

Jadarre eta San Jose auzoekin batera, Zumaiako erdigunean dauden auzorik altuenak dira. “Larretxoren garapen urbanistikoa 70. hamarkadan eman zen, eta orduan etxeak erosi zituzten pertsonak adin batera iritsi dira. Hori dela eta, auzoaren irisgarritasuna hobetzea da gure asmoa. Lehen esan dudan moduan, igogailu honen proiektua lehen pauso bat da, eta auzoaren azterketa sakona ere egingo dugu”, esan zuen.

Igoera 18 metrotara

Arregi arkitektoaren hitzetan Zumaiako Irisgarritasun Plana zaharkitua gelditu da, ondorioz, herri guztirako plan berri bat egingo da. “Plan hori 2000. urte hasierakoa da, eta gaur egun zaharkitua gelditu da. Igogailu honen egikaritza plan integral baten barruan sartuko litzake”, adierazi zuen.

Hala ere, plan horri esker hainbat aktuazio egin dira herrian. “Jadarre auzoan esaterako bi igogailu daude, eta Ardantzabide eta alde zaharra lotzeko beste bat dago. Horiez gain, eraikin publiko batzuetan ere jarrita daude igogailuak. Hala nola Oxforden, Erribera kaletik Mari kalera joateko, eta Torreberrin, Beheko plazatik San Jose bidera igotzeko”, azaldu zuen. “Momentu honetan gainera, San Jose auzoan igogailu bat egiten ari gara. Honek Beheko plaza eta San Juan egoitza lotuko ditu”, jarraitu zuen.

Igogailuaren sarrera 5,20 metrotan izango da, eta irteera, aldiz, 18,40 metrotan. “Guztira 13 metroko igoera egitea lortuko litzake”, esan zuen. Proiektuak, lursaila kenduta, 178.759 euroko aurrekontua izango du. “Jakitun gara igogailu honek ez duela Larretxoko irisgarritasuna konpontzen. Auzoak azterketa sakon bat behar du hirigintza aldetik, oinezko pasabideen inguruan...”, esan zuen.