Organikoaren edukiontzietan jasotzen den materiala nahi bezain ona ez dela dio Mankomunitateak

Baleike 2018ko urr. 31a, 15:16

Urola Kostako Udal Elkarteak iragan otsailean jarri zuen martxan hondakinak biltzeko sistema berria eskualdean. Bilakaera ona izan duela azpimarratu dute. Baina, aldi berean, organikoaren edukiontzian organikoa ez den materialak hazkundea izan duela ere salatu du mankomunitateak. 

Zerbitzuaren kudeatzaileek adierazi dutenez, une honetan hondakin guztien %70 sailkatuta jasotzen da. Hondakin organikoen kasuan, iaz baino %120 gehiago jasotzen dela azpimarratu dute. Alabaina, hondakin organikoen edukiontzietan organikoak ez diren material ugari agertu direla eman du jakitera Udal Elkarteak. "Hau da, azken ikuskapenek erakutsi dutenez, organikoaren edukiontzietan jasotzen ari garen hondakinaren kalitatea ez da nahi bezain ona".

Organikoaren edukiontziei erreparatuta, zehazki, hiru gaietan hobetu daitekeela diote:

  1. Hondakin organikoen edukiontzietan jasotzen ari garen biohondakinaren kalitateak okerrera egin du azken hilabeteetan. Iraila eta urrian egin ditugun karakterizazio azterketetan ikusi dugu biohondakinaren edukiontzian plastikozko poltsak, ontzi arinak eta errefusa ere botatzen dela.
  1. Konpostagarriak ez diren poltsen erabilera ugaritu egin da (ezin dira erabili).
  1. Hondakin poltsa ugari agertu da lurrean, edukiontzien ondoan. Oraindik ere, edukiontzi eremuetan plastikozko poltsa beltz handiak uzten dituzte sortzaile handiek lurrean edota edukiontziaren barruan.

"Sistemaren hastapenetatik herritarrek erakutsi duten jarrera ezin hobea izan bada ere, berriz ere dei egin nahi zaie herritar guztiei arduraz eta ingurumenarekiko begirunez joka dezaten. Iraunkortasunaren bidetik emaitzak hobetu nahi badira, herritar guztien ahalegina baita beharrezkoa", diote.

Udal Elkartetik etengabe dihardugu hondakinak biltzeko zerbitzua hobetzeko lanetan. Ildo horretan, galdegin nahi zaie oker egiten duten herritarrei, ongi egiten ardi diren herritarren gehiengoari errespetuz, kalterik sortu ez dezaten.

Horri aurre egiteko, Udal Elkartea ikuskatze lanak indartzen hasi da eta, dagoeneko, 20 erabiltzaileri (merkatari, ostalari edo zerbitzuak) ohartarazpenak egin dizkie. Ildo beretik, Udal Elkarteak eta udalek hondakin organikoen edukiontzien erabilpena ikuskatzeko kanpaina bat burutuko du azaroaren 5etik abenduaren 21era.

Udal Elkarteko hezitzaileek bost herrietako hondakin organikoen edukiontzi guztiak ikuskatuko dituzte, banan-banan.

Auzo eta eremu bakoitzean honakoa egingo dute:

  • Etxe atari edo portaletan Udal Elkarteko lehendakariaren (eta udaleko alkatearen) idatzia jarriko da, ikuskatze lanak egingo direla adierazten duena.
  • 4-5 egunetan biohondakinen edukiontzietako hondakinen ikuskapen-lanak egingo dira: Jakiteko auzo horretako erabiltzaileak zer uzten ari diren eta aztertzeko kanpoan poltsarik ba ote dagoen edo ez. Bide batez, hezitzaileek gomendioak emango dizkiete erabiltzaileei eta behar den kasuetan, ohartarazpenak egin ere bai.
  • Eremuko sortzaile bereziei bisitak egingo zaizkie.
  • Ikuskatze lanen azken egunean biohondakinen edukiontzietan pegatina bat jarriko da adieraziz edukiontziaren erabilera zuzena den ala ez.
  • Kanpaina egin eta handik hilabete batera berriro ere ikuskapen-lanak egingo dira auzo edo eremu berean, egoera zertan den ikusteko.

"Udal Elkarteak lanean dihardu %80ko bilketa maila erreferentzia gisa hartuta. Testuinguru horretan ulertu bitez, azaro eta abenduan zehar hondakin organikoen edukiontziak ikuskatzeko lanak", adierazi du kudeatzaileak.