Adinekoen errealitatea ezagutzeko programa abiatu du Udalak

Baleike 2018ko urr. 30a, 19:49

‘Adineko pertsonen Behatokia’ izeneko ekimena hurrengo astean hasiko da martxan, eta bi hilabeteko tartean egingo du diagnosia Donostiako Ikei enpresak. Informazio guztia bildu ondoren, emaitzak txosten batean jasoko dute.

Zumaiako Udalak bertako Gizarte Zerbitzu sailarekin elkarlanean, ‘Adineko pertsonen Behatokia’ izeneko programa jarriko du martxan datorren astean. Ekimen hori Zumaiako Plan Estrategikoan jasotzen den helburu estrategiko bati erantzuna emateko jaio da. “Plana landu zenean, adineko pertsonei dagokien azterketa bat egitea proposatu zen. Gaur egun Gizarte Zerbitzuak eskaintzen dituen baliabide eta zerbitzuez informatzeaz gain, pertsona horien sakoneko errealitatea aztertu eta ditugun gabeziei irtenbidea ateratzeko asmoarekin sortu dugu programa”, adierazi du Oier Korta alkateak.

Iniziatiba honen aurkezpenean ere Pili Alberdi izan da, Zumaiako Gizarte Zerbitzuetako udal teknikaria. “Hiru helburu nagusi ditu diagnosi honek. Alde batetik adineko herritarren beharrak ezagutzea, eta horretarako beraien etxeetara gerturatuko gara. Beste alde batetik, Gizarte Zerbitzuetan ditugun baliabide eta prestazioei buruzko informazio orokor bat eskaintzea, eta azkenik,  zerbitzu eta baliabide horiek egokiak diren edo ez jakitea. Horrela, berriak sortu behar badira, zein ezaugarri izan behar dituzten ezagutzeko aukera dugu”, azpimarratu du.

Programan 75 urtetik gorako herritarrek hartuko dute parte. Batez ere perfil zehatz batzuetan jarri dute fokoa. “Gure nahia da ahal den herritar kopuru handienera iristea. Batzuk oso aktibo dira gure zerbitzuetan: baliabideak martxan dituzte, esku hartze konkretuak egiten zaizkie... eta horien ezagutza erreal bat badugu. Beraz, beste talde batzuengana gerturatu nahi dugu. Hala nola, Gizarte Zerbitzuen ezagutza ez duten pertsonengana, eta azken bi urteetan gurekin harremanik izan ez dutenengana”, jarraitu du Alberdik.

Informazioa lortzeko galdetegia

Donostiako Ikei enpresa arduratuko da datozen bi hilabetetan diagnosia egiten. Laura Gallo eta Maria Lopez arduradunek azaldu dutenez, guztira 600 pertsona baino gehiago elkarrizketatuko dituzte. “Erabiliko dugun metodologia inkestak edo elkarrizketak izango dira, eta etxez etxe burutuko dira”, esan dute. “Prestatu dugun galdetegia arina da, eta erraz ulertzeko hiztegiarekin egin dugu adineko pertsonek zailtasunik gabe ulertu dezaten. Galdetegi hau betetzeko gizarte langilez osatutako lan talde propio bat dugu. Honek lanaren kalitatea, segurtasuna eta batez ere konfidentzialtasuna bermatzen du”, kontatu du Lopezek.

Etxeetara bisitak egin aurretik, informazioa helaraziz gutunak bidali zaizkie pertsona horiei. “Kontaktuan jarriko gara aurretik, eta bisitetan gida bat banatuko dugu. Bertan, Gizarte Zerbitzuen eskaintza, arreta baliabideak, programa... agertzen da”, esan du. Bide batez, telefono interesgarriak jartzen dituen imanak ere emango dituzte.

Parte hartzera animatu

Arrasate eta Zarautzen ere eginak dituzte aurrez horrelako ikerketak. “Batzuk errezeloa izaten dute etxeko ateak irekitzerakoan, baina gure lantaldeko langileak ongi identifikatuta joango dira, eta bisita egin aurretik kontaktuan jarriko dira telefonoz edo gutun bidez”, azaldu dute.

Behin informazio guztia jasota txosten bat osatuko dute. Horri esker, egungo baliabideak aztertzeko eta egokitzeko aukera izango da. “Gainera, etorkizunera begira ere jarriko gara, eta Zumaiako egoera zein izango den eta egoera horri nola heldu eta planifikatu behar dugun bide emango digu”, adierazi dute.

Bide horretatik, Udalak parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak. “Programa hauek herritarren beharrak zeintzuk diren erakusten dizkigute. Guztiontzako da positiboa eta garrantzitsua, eta horregatik jarrera parte hartzailea izatera bultzatu nahi ditugu herritarrak. Ikerketa honi ateak irekitzeko eskatu nahi diegu”, esan du Kortak.