'Ai ama' ontziak irabazi du Olarru Cup bela liga

Baleike 2018ko urr. 29a, 14:39

Larunbatean jokatutako estropadarekin amaitu da 2018ko Olarru Cup bela liga. Sailkapen orokorrari begiratuta, Salvador Manterolaren Ai ama ontzia izan da aurtengo ligako irabazlea.

Zapatuan jokatu zen Olarru Cupeko 13. eta azken estropada. Zumaia-Zarautz-Zumaia estropada egin zuten parte hartu zuten hamabi ontziek. iparreko haizearekin atera ziren, eta estropadak aurrera egin ahala haizea indartzen joan zen. Itsasoa ere zakartu egin zen eta horrek maniobra ederrak ikusteko aukera eman zuen. 

Larunbateko probaren irabazlea Zumaiako Mastabakarra belaontzia izan zen. Ordu bat, 28 minutu eta 47 segundo behar izan zituen 9,5 itsas miliak egiteko. 

Sailkapen orokorrari dagokionez, Salvador Manterolaren Ai ama ontzia izan da irabazlea, 17 punturekin. Bigarren postuan sailkatu da Josu Arano, Josu Arroiabe eta Xabier Zearretaren Mastabakarra, 37 punturekin; eta hirugarren Jokin Juaristiren katana, 55 punturekin. 

Liga honetan guztira 20 ontzik hartu dute parte eta 13 izan dira jokatutako probak. Antolatzaileak, Zumaiako Klub Nautikoak, tripulazioek erakutsitako jarrera ona txalotu eta eskertu nahi dute. "Espero dezagun azaroaren 10ean hasiko den Zumaia-Getaria neguko ligan jarraipena izango duela".