Adinekoen egoitzetako lan hitzarmena berritzea eskatzeko greban dira langileak

Baleike 2018ko urr. 24a, 13:21

Hiru eguneko greba hasi dute gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek. Magnolioan elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hitzarmenak berritzeko negozioazioak “blokeatuta” jarraitzen duela salatu eta akordio horiek berritzea eskatzeko.

Bi urtean akordioa negoziatzeko mahaiarekin harremanetan egon ondoren, ez dute lortu adinekoen egoitzetako langileek hitzarmena berritzea. “Ilea hartzen ari zaizkigula uste dugu. Urriaren 19an bildu zen azkenekoz mahaia, eta patronala 2019-2022 urteetarako konbenioaz aritu zen. 2017-2018 urteetakoak negoziatzen ari gara gu”, azaldu du Sonia Cardenal eskualdeko ELAko kideak. 2017-2018 urteetako soldaten izoztea eragiten du sindikatuko kidearen iritziz patronala lantzen ari den konbenioak, eta langileekiko errespetu falta bat dela iruditzen zaio.

“Patronalak eta diputazioak ez dute ezer egin. Gainera, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak igo dizkigu. % 50-60ko zerbitzuetatik %70-80ra igo dizkigu, jendea kalera ez irteteko helburuarekin. Zerbitzu minimoetan hutsuneak egon izana aurpegiratu badigute ere, gu profesionalak gara, pertsonekin egiten dugu lan”. Lan baldintzak hobetuz gero, zerbitzuaren kalitateak halabeharrez gora egingo duela iruditzen zaio Cardenali.  

Negoziatzeko mahaian herrialdeko konbenioa sinatzeko eskatzeaz gain, enpresetan negoziazioak berrestea nahi dute; lan erreforma bat izanez gero, enpresako konbenioa aplikatu ahal izateko. Gaur gaurkoz, patronala enpresetan konbenioak berrestearekin desados agertu dela salatu dute langileek, baina argi dute helburua: “Abiapuntua herrialde mailako konbenioa sinatu ondoren enpresetakoa izango da beti, bat bestearekin lotuta dago”.

Borrokan jarraitzeko asmoa agertu du sindikatuko kideak. Haren hitzetan, sektore “feminizatua” da haiena: “Langile ia guztiak emakumezkoak gara. Gizonezkoen sektoreekin alderatuz, ergelak garela eta eskatzen duguna zer den ez dakigula uste dute”. Nolanahi ere, beren eskakizunak sinatu arte kalean jarraituko dutela diote.

Azpeitiako, Azkoitiako, Zarauzko eta Zumaiako eguneko zentroetako eta adinekoen egoitzetako langileak batu dira gaur, eta mobilizazioak egiten jarraituko dute datozen egunetan. Kotxe karabana egingo dute bihar, Zumaiko Marina Berri jatetxeko aparkalekutik hasita. Hortik, Zumaian barrena, Zestoa, Azpeiti eta Azkoitiara zuzenduko dira kotxe guztiak.

Ostiralera bitarte mobilizatuko dira langileak, eta oraindik grebaren jarraipenaren inguruko daturik ez badute ere, jendea “indartuta” eta “borrokarako gogoz” dagoela uste du Soniak. Azaroaren 26tik 30era eta abenduaren 24tik 31ra egingo dituzte gainontzeko lanuzteak.