Surfak eta kulturak bat egingo dute asteburuan Zumaian

Baleike 2018ko urr. 24a, 07:00

Hirugarren asteburuz jarraian, surf eta bodyboard jarduerak izango dira Zumaian. Kasu honetan, larunbatean, FederArte Festibaleko zirkuituari amaiera ematen dion bodyboard eta surfeko open txapelketa jokatuko da. Horrez gain, musika eta kultur jarduerak izango dira Zumaian egun osoan zehar.

Kultura eta kirola uztartzen dituen formatu hau 2017. urtean estreinatu zen Zarautzen, eta izandako arrakastaren ondorioz Euskadiko beste herrietara zabaldu dute Euskal Herriko eta Gipuzkoako surf federazioek sinatutako hitzarmenaren bidez.

FederArte Euskal Surf Kultura ekimenaren helburua surfa kirol mundutik beste esparruetara zabaltzea dela adierazi du Maialen Saez Segurolak, Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariak, “txapelketaz harantzago joanez eta, honela, surflarien komunitatea aberastuz”.

Larunbateko ekitaldiak goizean goiz hasiko dira. 08:30ean Euskal Herriko surf eta bodyboard txapelketa jokatuko da Itzurun hondartzan. Interesdunek izenak wavescores.net webgunean eman beharko dituzte. Sari banaketa ekitaldia 18:00ean egingo da Alondegiko Oxford aretoan.

Goizeko 10:00etan irteera egingo dute Algorrira. Zumaiako Natur Taldeko kideek gidatuta, bere ezaugarri geologikoengatik mundu mailan ezaguna bihurtu den flyscharen berri izango dute parte hartzaileek. Eguerdiko 12:00etan emakumea surflari klaseak emango dituzte Itzurunen, eta 16:00etatik sup inklusibo saioak izango dira portuan.

19:30ean Zumaiako surfisten proiekzioak egingo dira Tximista tabernan, eta 22:30etik aurrera kontzertuak egingo dira. Eguraldi kaxkarra iragarrita dagoenez, kontzertuak Torreberriko aterpera eraman dituzte. 22:30ean Deus ez taldeak joko du, eta 23:30ean Rural Zombiesek. DJ saioekin amaituko da festa: 01:00ean DJ Goiko arituko da Itzurun tabernan, eta 02:30ean eta 03:30ean DJ Huegun eta DJ Uranga, hurrenez hurren, biak ere Tximista tabernan.