GUTUNA: Zumaiako Caritasen oharra

Zumaiako Caritas 2018ko urr. 22a, 07:00

Gero eta esames gehiago ari gara entzuten gure funtzionamenduaren eta jardunaren inguruan, eta Zumaiako Caritasek argi eta garbi azaldu nahi du zer lan egiten duen, komentario horiek eteteko asmoz. 

Lehenik eta behin, esan behar dugu Caritasen diru-sarrera gehienak herritar arruntek emandako dirutik datozela, eta baita ere Gabon Koruak egiten duen bilketatik. Oso eskertuta gaude Koruari, bide batez esanda. 

Eskerrak eman nahi dizkiegu arropak, janaria eta gauzak ematen dizkiguten pertsonei ere. Gero, Caritasek banatzen ditu horiek guztiak beharra dutenen artean.

Nahiz eta Parrokiaren egituraren baitan dagoen Zumaiako Caritas ere (logikoa den zerbait da), adierazi behar dugu gure lana egiteko autonomia daukagula, eta baita ere askatasuna gure baliabideak gure arau eta irizpiden arabera erabiltzeko; eta batez ere, ez dugula inolako bereizketarik egiten gugana datozen pertsonen artean.

Hau guztia esan eta gero, diru kontuen azken balantzearen berri ematera gatoz: diru-sarrerak txikiagoak izan dira gastuen aldean, eta ezberdintasuna nahiko handia izan da. Zor hori ordaintzeko aurreko urteetako irabaziak erabili ditugu, urte oparoagoak izan zirelako. Zumaiako Caritasen ekonomia gero eta ahulagoa da, oraingo egoera den bezalakoa delako, eta gero eta donazio gutxiago jasotzen ari garelako. Hori dela eta, gure baliabideak zorroztasun handienarekin erabiltzen ari gara, eta kasu bakoitza ondo aztertuz, nahiz eta badakigun batzuetan ziria sartzen digutela (gizarte honetako estamentu guztiei bezala).

Honakoak dira gure oinarrizko gastuak:

  1. Familientzako laguntzak: alokairua; argindarra, ura eta gasa ordaintzea; garbitasuna; medikuak eta botikak; optika eta dentista; janaria, arropa, bidaiak eta abar.
  2. Zumaiatik pasatzen diren pertsonen gastuak: bidaiak, otartekoak, lotarako lekuak, arropa, medikuak eta abar.
  3. Gizarte Zerbitzuekin dugun elkarlanaren gastua.
  4. Zumaiako GKE-ei (Gobernuz Kanpoko Erakundeak) ematen zaien laguntza (Zumaiako herritarrak parte hartzen ari diren GKE-k).
  5. Errefuxiatuei laguntza: Grezia, Itsas Salbamendua eta abar.
  6. Hondamendi naturalak dituzten herrialdeentzako laguntza.
  7. Espetxean dauden zumaiarrei ematen zaien laguntza.
  8. Gipuzkoako zentroetan dauden zumaiarrei egiten zaizkien bisitak.
  9. Konpainia behar duten zumaiarrei egiten zaizkien bisitak.
  10. Otezurin eta San Juan Egoitzan egiten diren animazio ekitaldiak.
  11. Arropa eta telefono gastuak, eta inguruko Caritas taldeei ematen zaien laguntza.
  12. Eskolara joateko ematen zaien laguntza umeei, baliabide ekonomikorik ez dutenei.

Ikusten denez, gure lana nahiko zabala da (eta zaila, batzuetan), eta hau dena egiten da boluntarioekin, haien ordu libreetan. Ez dira pertsona gazteak, eta ondo etorriko litzaioke Zumaiako Caritasi gazte jendea lanerako, oraingoei erreleboa emateko. Norbaitek interesa balu laguntzen aritzeko edota gure egitasmoan parte hartzeko, Caritasen egoitzan aurkituko gaitu, edo bestela, telefono zenbaki honetara dei dezake: 608 377 216. Besoak zabal-zabalik ditugula hartuko dugu. 

Bukatzeko, espero dugu ohar honen bitartez argituko genuela kalean bolo-bolo dabiltzan esamesak. Hala ere, norbaitek informazio gehiago beharko balu, etor dadila zuzenean guregana, gustura emango dizkiogu-eta azalpenak. 

Zumaiako Caritas