Bartzelonako De Carajillos taldearen kontzertua izango da larunbatean Itziarko Burugorri Ostatuan

Itziarko Auzo Udala 2018ko urr. 10a, 12:08

Erritmo biziko musika alaia izango da nagusi bertan, 23:00etatik aurrera.

De Carajillos taldea 2016an sortu zen bost lagunen artean Bartzelonan, bostak beste lekuetatik hiri horretara bizitzera joandako musikazaleak izanik. Kitarra, biolontxeloa, saxofoia, akordeoia eta perkusioa dituzte instrumentu. Gustu anitzeko taldea da, eta rumba, cumbia, reggae, ska eta eragin mediterraniar zein latinodun musika darabil, erritmo bizian jai giro alai eta librea jartzeko gaitasun handiz. Horretarako bereziki sortutako kantuak ekarriko dituzte Itziarra, eta bertsioren bat ere bai.

Euskal Herrian biran etorria da De Carajillos taldea, eta Donostian eta Itziarren iragarri dituzte zuzeneko kontzertuak egunotan.

Honelako ekimenen bitartez Itziarren giroa sortu eta kultur eskaintza sendotzea da Burugorri Ostatuaren asmoa. Kontzertu eta ekimen gehiago ere izango dira aurrerantzean.