Cosme Agirre eta Unai Uranga, Espainiako txapeldun

Baleike 2018ko urr. 7a, 15:37

Kluben arteko Espainiako zesta punta txapelketako finalaurrekoak eta finala jokatu dira asteburu honetan, Complutense unibertsitateko frontoian. Bertan izan da Zumaiako bikote bat, eta garaipena lortuta itzuli da etxera.

Cosme Agirre eta Unai Uranga izan dira Zumaiako ordezkariak txapelketa honetan. Ostiralean finalaurrekoak jokatu zituzten Noaingo bikotearen aurka, eta baita finalerako txartela lortu ere. Larunbatean jokatu zen finala, eta Gasteizko bikotea izan zuten aurkari. Partida gogorra izan zen, eta hiru set behar izan zituzten txapelketako irabazlea erabakitzeko.

Lehen setean 15-9 emaitzarekin irabazi zuten Agirrek eta Urangak. Bigarrenean nagusi izan ziren arabarrak (12-15), baina partida eta txapelketa erabaki zuen hirugarren eta azken setean hobeto aritu ziren zumaiarrak eta 10-7 emaitzarekin irabazi zuten. Ondorioz, Zumaia izan da nagusi kluben arteko Espainiako txapelketan.