Emakumeek Zumaiako historian izandako garrantzia azpimarratu zuten atzoko bisita komentatuan

Baleike 2018ko urr. 7a, 11:05

Zumaia Emez izeneko bisita komentatua egin zen atzo goizean. Emakumeek Zumaiako historian izandako eraginaren berri eman zen herriko zenbait lekutan zehar egindako irteera honetan. 

Julene Azpeitiak edo Elbira Zipitriak hezkuntzan izandako garrantzia azpimarratu zen, baina baita Karmen Balenziagak eta Inaxi Etxabe bertsolari oikiarrak kultura arloan egindako lana. Balendiñe Albizu eta Angeles Sorazu idazleak gogoratu zituzten, eta baita Zumaian emakumeentzat hezkuntza arloan bideak zabaldu zituen Patxita Etxezarreta ere. 

Ekimena, ordea, ez zen izen hauetan amaitu; bisitan zehar ofizio batzuetan emakumeek egindako lana ere aipatu zuten: armadoreak izandako emakumeak, gabarrerak edota komentuaren sortzaileak, hurrenez hurren. 

Bisita Kofradiadik abiatu zen, eta Sanjuaniturritik, Ubillos jauregitik eta Eusebio Gurrutxaga plazatik pasa ondoren, Zuloaga plazan gerran erbesteratu zituztenen omenezko monolitoaren parean amaitu zen, Zipitria eta Albizu erbesteratuak izan ziren-eta. Datorren urtean egitasmo honekin jarraitzeko borondatea dagoela ere adierazi zuten antolatzaileek.