Aurtengo udaren balorazio positiboa egin du Udalak

Baleike 2018ko urr. 5a, 15:39

Aurtengo uda sasoiko balorazioa egin du Zumaiako Udalak. Bisiten, errioko garraio zerbitzuen eta ostatuek izandako okupazio mailaren datuak eman ditu, eta datozen urteei begira “Zumaiako balio eta baliabideetan oinarritutako turismoa bultzatzeko lanean” jarraituko duela adierazi du.

Balorazio hori egiteko datuak erabili dituzte. Hala, Geoparkeak eskaini dituen bisita gidatuetan 12.154 lagunek hartu dutela parte informatu du, iaz baino %9 gehiagok. Zumaiako turismo bulegoaren kasuan, aldiz, ekainetik abuztura bitartean, 20.185 lagun igaro dira bertatik; iaz baino 4.200 pertsona gutxiago. “Turismo bulegoak jaso duen bisitari kopurua apur bat jaitsi den arren, aurten ere turismo fluxuak zifra onak mantendu ditu”, adierazi dute Udaletik.

Moila eta Santiago hondartza lotu dituzten txalupen eta Geoparkeko bisitetan erabilitako ontziak izan dituzten kopuruak ere txalotu ditu Udalak. “Hiruen artean, guztira, 59.104 lagun garraiatu dituzte”, adierazi dute Udaletik. Bide horretan, Sarauneko aparkalekuak aurten izandako okupazio altua ere azpimarratu du Udalak.

Merkataritzari dagokionez, iazko datuen parekoak izan dira aurtengoan. Ostatuen kasuan, berriz, okupazio maila iazkoa baino handiagoa izan da, eskutan dituzten datuen arabera. %3.31 hazi da gaua Zumaian egiten duten lagunen kopurua; iaz 12.025 pertsonek hartu zuten herrian ostatu eta aurten, aldiz, 13.045ek.

2018ko uda positibotzat jo du Udalak eta, orain arte bezala, datozen urteei begira, Zumaiako balio eta baliabide anitzetan oinarritutako turismoa sustatu eta bultzatzeko lanean jarraituko duela adierazi du.