Bihar hasiko dira Beheko plaza eta San Jose lotuko dituen igogailua eraikitzen

Baleike 2018ko urr. 4a, 19:59

Atzo bildu ziren bizilagunekin, proiektuaren berri eman eta lanek auzoan izango duten eragina azaltzeko. Altuna Y Uria enpresak eraikiko du, 883.891,82 euroko aurrekontuarekin.

Bihar hasiko dituzte Eusebio Gurrutxaga plazaren eta San Juan egoitzaren artean igogailua eraikitzeko lanak. Altuna y Uria enpresak izango du proiektua aurrera eramatearen ardura, 883.891,82 euroko aurrekontuarekin. Lanak zazpi hilabeteren buruan amaitzea aurreikusi dute.
Oier Korta Zumaiako alkatearen hitzetan, herriko puntu altuenetarikoa izanik, San Jose kaleko irisgarritasun arazoei irtenbidea emateko eraikiko dute igogailua. Horrez gain, San Juan egoitzako egoiliarrei eta haien senitartekoei erraztasunak eman nahi dizkiete. 
 
Lehen barandak bihar jarriko badituzte ere, datozen egunetan geroz eta presentzia handiagoa izango dute lanek. Auzoaren erdialdea hartuko dute, eta lanek auzoan izango duten eragina kontuan izanik, bizilagunekin bilera informatzailea izan zen atzo udaletxeko pleno aretoan. 30 bizilagunetik gora gerturatu zen xehetasunak jasotzera.
 
2016an erosi zuen lursaila udalak, eta orain, proiektua idatzi, onartu eta esleituta, ekingo diete eraikuntza lanei. Aurkeztutako proiektuaren ezaugarri nagusi berak ditu gaur egungoak ere, baina aldaketa batzuk egin dizkiote. Esaterako, San Juan egoitzara iristeko, arrapala txiki bat gehitu diote proiektuari, igogailuaren eta egoitzaren artean dagoen aldapa leuntze aldera. Beheko San Jose kalea eta goikoa lotzeaz gain, Odietako etxebizitzekin eta sotoekin komunikatuta egongo dela jakinarazi dute. 
 
Lanen eraginak
Arroa eta San Jose kaleen artean jarriko dituzte langileen etxolak. Ondorioz, aparkaleku batzuk kendu beharko dituztela azaldu dute. 
 
Beheko San Jose kalean tarteka bidea moztuko dute, udaltzainen laguntzaz. Bileran azaldutakoaren arabera, igogailuaren egitura metalikoa ezartzean izango du eragin handiena. Udalak hala eskatuta, auzoko eraikinen egoeraren azterketa egingo dute lana hasi aurretik. 
 
Altuna y Uria enpresak, bere aldetik, bizilagunekin harremanetan egongo den arduraduna jarriko du. Horrez gain, aurrez emango diete bizilagunei kale mozketen eta aldaketen berri. 
 
2011-2015 legealdian zehaztu zen San Jose kaleko irisgarritasuna eta ibilgailuen joan-etorria hobetzeko plana. Irisgarritasuna hobetzeko lehen urratsak ere eman zituzten: San Jose kaleko goiko eraikinen horma bat bota eta San Juan egoitzara iristeko arrapala eraiki zuten.