Bigarren izan da Alex Uranga Viana do Castelon

Baleike 2018ko urr. 1a, 16:03

Viana do Castelon (Portugalen) amaitu berri den nazioarteko bodyboard txapelketan bigarren izan da Alex Uranga. Finalean ezin izan dio Tristan Robertsi irabazi, baina sekulako txapelketa egin du, hilabetetan min hartuta egon ondoren.

Munduko Zirkuituan parte hartzen ari denetik urterik gogorrena ari da izaten Alex Urangarentzat. Aurten sailkapeneko lehen postua zuen helburu, baina hirugarren proban, Txileko Arican, min hartu eta bertan bukatu ziren bere ametsak. Uda lehiatik kanpo eman behar izan du, osatzen, eta irailean bueltatu zen zirkuitura, Portugalen.

Sintran ez zuen emaitza onik lortu, baina nahikoa konforme zegoen bere burua berriro lehian ikusi zuelako. Gaur Viana do Castelon bukatu du Portugalgo bigarren proba, eta finaleraino iritsi da, sekulako txapelketa osatuta. Bidean utzi ditu, besteak beste, Brahim Iddouch, Iain Campell munduko txapelduna, eta Eder Luciano finalaurrekoetan. Finalean, baina Tristan Robertsek 12.50eko puntuazioarekin irabazi dio (11.90 lortu du Alexek).

Vianakoa amaitu eta ostegunean Nazaren (Portugal) hasiko da Munduko Zirkuituko puntuagarria den azken proba. Aukera bikaina olatuari eutsi eta txapelketa aho zapore gozoagoarekin amaitzeko.