Bandaren historia kontzertu batean

Baleike 2018ko ira. 26a, 10:58

Xixili Egunerako kontzertu berezia antolatu du Zumaiako Udal Musika Bandak. Bandako kide ohiei dei egiten die egun horretan berriro ere elkarrekin jotzera.

Azaroaren 22ean ospatzen da urtero Xixili Eguna edo Musikarien Eguna, eta urte honetarako kontzertu berezi bat antolatu du Zumaiako Udal Bandak. «Musikariengan jarri nahi dugu fokoa. Horrela, Bandaren historia moduko bat egin nahi dugu partaide izan ziren eta direnekin batera», kontatu du Joxe Mari Azkuek, Bandako zuzendariak. Izan ere, gaur egun ezagutzen dugun Musika Banda 1980ean sortu zen Antonio Tapiaren zuzendaritzapean. Hala ere, Zumaiako Udal Musika Bandaren lehenengo dokumentuak XIX. mendearen bukaerako urteetan kokatzen dute.

Orain, urte horietako guztietako Bandaren historia irudikatu nahi dute kontzertu berezi batekin eta asmoa argia da: Bandako kide ohiak eta egungo musikariak elkartu eta kontzertu bat eskaintzea. «Horregatik bandan jo duten guztiei gonbidapena luzatu nahi diegu. Ez du axola zein maila duten musikariek. Izen ematen duten guztiekin hitz egingo dugu eta malguak izango gara. Galdetuko zaie nola ikusten duten beraien burua, zer nahi duten egin... Ez da inor derrigortuta egongo», jarraitu du Azkuek.

Zuzendariaren esanetan, Zumaiako Udal Bandan beste herri askotan gertatzen ez den fenomenoa aurkitzen da. «Jende oso gaztea dugu, 21 urte da batezbestekoa, eta hori beste leku askotan ez da ematen». Kontzertu berezi hau egiteko ideia hain zuzen, adinaren kontutik etorri zen. «Pentsatzen jarri ginen Bandaren historian zenbat pertsona pasa ote ziren, eta kontuak aterata, jende asko zela ohartu ginen. Horiekin guztiekin kontzertu bat ematea polita izango zela adostu genuen», esan du.

Senideak elkarrekin

Xixili eguna ostegunean izango da, eta Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolak bezperan kalejira bat egingo du herriko kaleetatik barrena. Kontzertua, aldiz, azaroaren 24ean izango da, larunbatean, eguerdi aldean eta Beheko plazan.«Duela 30 urte egiten ziren emanaldi itxura eman nahi diogu egunari. Goizean kalejira batekin hasi, eguerdian kontzertua eman, ondoren bazkaltzera joan eta arratsaldean beste ekintzaren bat egin», adierazi du Azkuek.

Kontzertua ez da gai baten inguruan izango. «Sanpedroetan egiten dugun emanaldiaren antzekoa izango da pasodoblearekin, zarzuela batekin, euskal musika eta pop doinuekin... Nahasketa bat izango da», gaineratu du. Errepertorioa gainera, Bandako kideek aukeratu dute. «Zuzendari bezala, aukera batzuk eman nizkien eta beraiek horien artean egin zuten aukeraketa», kontatu du.

Parte hartzeko baldintza bakarrak musikarekin disfrutatu eta taldean ondo pasatzeko gogoa dira. «Zerbait polita izango da. Gainera, topaketa honek badu zerbait berezia eta da familiak eta lagunak elkartzea. Izan ere, badago jendea Bandan jo duena eta egun seme-alabak dituztenak bertan. Koadrilak asko ere bandatik sortu ziren, beraz, horiek elkartzeko ere aproposa da kontzertu hau», esan du. 

Izen ematea urriaren 10era arte da eta nahi duenak bi modu izango ditu: zumaiakomusikabanda@yahoo.es helbidera idatzi, edo telefono zenbaki hauen bidez Bandako kideekin harremanetan jarri: 657 72 71 29 (Joxe Mari) edo 655 72 97 87 (Amaia). «Behin izen emateko epea amaituta, urria erdialdean entseguekin hasiko gara», aipatu du.

Baikor agertu da Azkue, eta parte hartzea nahiko handia izango dela espero du. «Azkenean konpromisoa da eta lan intelektuala eskatzen du, baina oso ondo pasatuko dugu. Ez da urtero egingo den zerbait, berezia izango da eta horregatik animatzeko esan nahi diet. Ea 70 bat musikari elkartzeko aukera dugun. Ikusentzuleentzat ere ikusgarria izango da», esan  du.