Urte guztian erregulatuta jarraituko duten guneak

Baleike 2018ko ira. 21a, 15:07
Infografia: Zumaiako Udala.

Irailaren 15ean bukatu zen udako aparkamenduaren erregulazio sistema, baina, urte osoan indarrean jarraituko duten hainbat aparkaleku daude. Hemen planoa eta informazio guztia.

Ardantzabide auzoko egoiliar guneetan aparkatzeko ezinbestekoa izango da zona 1 eta 2ko bertakoen txartela izatea. Horrenbestez, 3, 4 eta 5eko egoiliar txarteldunek eta gainerako herritar zein kanpotarren ezingo dute auzoko egoiliar gunean aparkatu.

Errotazio altuko guneak mantenduko dira Moilaberriko zubitik Saregile plazara arte (A1 gunea), Amaiako plaza (A2 gunea) eta Anbulatorioan (A3 gunea). Ordu muga, orain arte bezala, 90 minutukoa izango da. Ibilgailua Zumaian erroldatuta dutenentzat bertan aparkatzeak doakoa izaten jarraituko du. Gainerako ibilgailuek doan izango dituzte lehen 30 minutuak. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da orain arte bezala tiketa makinan inprimatzea.

Gune hauen ordutegia astelehenetik ostiralera 08:00-20:00, eta larunbatetan 08:00-13:00 izango da. Ordutegitik kanpo aparkaleku libre bilakatuko dira, hau da, edonork aparkatu ahal izango du bertan, ordu mugarik gabe edota tiketa inprimatzeko beharrik gabe.

Foruen enparantzan, udaletxe parean dagoen guneak errotazio altuko C gunea izaten jarraituko du. Hemen ez da txartelik inprimatu beharrik izango eta aparkatzeko ordu-muga 20 minutukoa izango da, astelehenetik ostiralera 08:00-15:00 ordutegian, eta larunbatetan 08:00-12:30 ordutegian.. Ordutik aurrera, librea izango da bertan aparkatzea.

Sistema hau 2018ko irailaren 16tik 2019ko ekainaren 14a arte egongo da indarrean.