XI. Flysch Traila

FEDMEko emakume korrikalarien bilgune izango da Zumaia asteburuan

Baleike 2018ko ira. 20a, 09:53
FEDMEko emakume korrikalariak iaz Benasquen.

Emakume korrikalarientzako jardunaldiak antolatu dituzte FEDMEk (Espainiako Mendi Federazioa) eta Zumaia Flysch Trailek astebururako.

27 korrikalari eta sei irakasle bilduko dira Zumaian ostiraletik igandera, mendiko lasterketetan hobetzeko lanketa berezia egiteko helburuarekin. Entrenamenduak, hitzaldiak, eta jarduera osagarriak izango dituzte; eta bai ere inguruaz gozatzeko aukera.

Espainiako Mendi Federazioak iaz antolatu zituen lehen aldiz emakume korrikalariei zuzendutako prestaketa jardunaldiak. Orduan Benasquen izan ziren, Pirinioetan. Aurten Zumaiara etorriko dira, Zumaia Flysch Traileko antolatzaileek hala proposatuta. "Berdintasuna da gure helburuetako bat", azaldu du Bosco Garitanok, "eta horrelako ekimen bati bultzada ematea beharrekoa dela pentsatu genuen". Flysch Traila arduratu da jardunaldiak aurrera ateratzeko behar den antolaketaz eta azpiegituraz.

2019an, berdintasuna zutabe

Dagoeneko 2019ko ekitaldian ari dira lanean Flysch Traileko kideak. Garitanok aurreratu duenez, berdintasuna izango da zutabeetako bat. "Urtero egiten dugun omenaldian berdintasuna izango da protagonista. Jadanik lantzen ari gara, eta uste dugu sorpresa handia izango dela".