Julen Aperribai: "Adierazpen askatasuna mugatzen du, gure lana oztopatzeaz gain"

Baleike 2018ko ira. 11a, 18:16
Argazkia: Izaro Zinkunegi.

‘Berria’-ko kazetaria da Julen Aperribai (Zumaia, 1993), eta Hondarribiko alarde parekidean izan zen larunbatean. Bertan hainbat kazetarik jasotako erasoak salatu dituzte Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak.

Joan den larunbatean Hondarribiako alarde parekidearen berri ematen ari ziren hainbat kazetarik jasandako erasoak salatu dituzte Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak. Besteak beste,  alardearen berri ematen ari ziren profesionalek irainak, bultzadak eta mehatxuak jaso zituzten alarde baztertzailearen aldekoen partetik. Bertan izan zen lanean Julen Aperribai Berriako kazetari zumaiarra. 

Lanetik Hondarribira alarde parekidearen jarraipena egiten izan zinen larunbatean. Gertatu zena espero zenuen?
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik, alarde parekidean neurri zorrotzagoak hartuko zituztela zioen ebazpena iritsi zen erredakziora. Zalantzak genituen ertzainek hartuko zuten jarreraren inguruan. Jakin-mina sumatzen nuen. Goiz-goiz joan nintzen ni Hondarribira, Ertzaintza aurrez plastiko beltzak kentzen aritzea posible zela pentsatuta.

Ez zen halakorik gertatu, ordea. 
07:30ean egin zuten lehenbiziko entsegua Jaizkibel konpainiako kideek, Ertzaintzak horretarako baimena emanda. Txilibituak banatu eta plastiko beltzak zabaldu zituzten orduan emakumeak alardean irtetearen kontrakoek. Protesta aurrez ongi prestatuta zutela iruditu zitzaidan. Kamera itzalita nuela ibilbidetik igaro nintzen alardea hasi aurretik, giroa ikusteko. Begiradak somatzen nituen ordurako. Bertan ziren kazetariekin egon nintzen gero, eta lehen entsegu hori gogorrena izan zela komentatu genuen.  

Lanean ari zinela erasorik jasan zenuen?
Plastiko beltzaren irudiak hartzen hasi nintzenean mehatxatu egin ninduten. Egin beharrekoa ongi ikasia zeukatela iruditu zitzaidan: gazte askok hartu zuten parte protestan, eta adingabeak ez grabatzeko eskatzen zidaten, esaterako. Alarde baztertzailearen kartelak kamera aurrean jarri eta grabatzea eragozten zidaten. Hala ere, kalearen erdialdean nengoenez, ez ninduten hain gogor erasotu. Euskal Irratietako kazetari bati mugikorra kendu zieten nire aurrean.

Bertan geuden kazetari gehienak alarde parekidea jarraitzen ari ginenez, guztiok jaso genuen baztertzaileen aldekoen jazarpena. 

Babes neurriak nahikoak zirela uste duzu?
Garbi dago liskar giro etengabe hori ez dela lan egiteko modu ona. Kazetarien lana oztopatzeaz gain, adierazpen askatasuna mugatzen du. Jaizkibel konpainiako kideak zituzten jo puntuan, izan zen desfilea negar batean egin zuenik ere. Baina Jaizkibeli babesa ematera joandakoek eta kazetariek ere jaso genituen irainak eta erasoak. 

Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak salatu dituzte erasoak, Jaurlaritzari eta instituzioei neurriak hartzeko eskatuz.
Ados nago salaketarekin. Ez dakit zein den konponbidea, baina datorren urtera begira, beharrezko neurriak hartzea espero dut. 

Erlazionatuak